Aurtengo nekazaritza, abeltzaintza eta artisautza azokaren oinarri araultzaileak argitaratu ditu Gautegiz Arteagako Udalak
Ekainaren 13an egingo dute Gautegiz Arteagako Nekazaritza, Abeltzaintza eta Artisautza Azoka, eta bertan posturen bat ipini gura dutenek maiatzaren erdialdera arte aurkeztu ditzakete eskariak. Zehatz esateko, maiatzaren 15ean 14:00etan amaituko da eskaerak aurkezteko epea: “Eskabideak aipatutako epeetatik kanpo aurkeztuz gero, ezetsi egingo dira, beste izapiderik egin gabe, beti ere plaza hutsik ez badago”.
Udaletxean aurkeztu daitezke eskariak, astelehenetik barikura bitartean, 08:00etatik 14:00etara bitarteko ordutegian. Eskabidea horretarako prestatutako eskabide-ereduan formalizatuko da. Eredu hori udaletxean jaso daiteke, baita udalaren webgunetik deskargatu ere. Izena emateko fitxarekin batera, Azokan parte hartzeko baldintzak’ puntuan zehaztutako dokumentazioa aurkeztu beharko dela jakinarazi dute: “Aurkeztutako eskabidea edo erantsitako dokumentazioa osatu gabe badago edo zuzentzeko moduko beste akatsen bat badauka, hamar egun balioduneko epea emango da akatsa zuzentzeko, errekerimendua jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Hala egin ezean, eskatzaileak eskaeran atzera egin duela ulertuko da”.
Elikagaiak erakusteko eta saltzeko postuak gehienez 20 postu izango dira, eta produktuen barietatea bermatzeko, mota bakoitzeko postu kopurua zehaztu dute. Hala ere, produktu-motaren araberako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileen kopurua aurreikusitakoa baino txikiagoa bada, beste atal batzuetan emandako lanpostu-kopurua handitzeko eskubidea edukiko du udalak.
Salmenta-postuak banatzeko, udalerrian, eskualdean eta Bizkaiko Lurralde Historikoan egoitza duten hornitzaileek lehentasuna edukiko dute: “Beren kategorian esleitutako plaza guztiak betetzen ez badira, ondoz ondo hartuko dira kontuan Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako lurraldeetatik datozen eskabideak, Nafarroatik eta Iparraldetik datozenak, eta, azken buruan, Estatuko gainerako lurraldeetatik datozenak”. Horrez gain, oinarri araultzaileetan zehazten denaren arabera, Kalitate Bereiziaren Ziurtagiria zein Jatorri Deitura edukitzea (Jatorri Deitura Babestua (JDB), Adierazpen Geografiko Babestua (AGB), Espezialitate Tradizional Bermatuak (ETB) edota Eusko Label berme-marka) eta ekoizpen ekologikoaren ziurtagiria izatea (Nekazaritza Ekologikoaren Kontseilua) ere kontuan hartuko dute. “Era berean, titulartasuna emakumezkoa duten ustiategiak izateari ere balioa emango zaio, bai eta kudeatzailea emakume duen elkarteenak izateari ere. Ekoizle edota ustiategi gaztea eta berria izatea ere baloratuko da”.
Oinarri araultzaileak zein eskaerak egiteko inprimakia udalaren webgunean eskuratu daitezke.