Umeen arteko harremanetan euskararen erabilera "bultzatzeko" helburuz egingo dituzte aurten ere Eako udalekuak
Uztailaren 1etik 30era egingo dituzte Eako udalekuak, eta apirilaren 30era bitartean izena eman daiteke. Udal ordezkariek azpimarratu bezala, beste urte batez, haurren arteko harremanetan euskararen erabilera bultzatzea izango dute helburu, baita euskal kultura ezagutzea, naturarekiko errespetuzko jarrerak sustatzea, elkarrenganako begirunezko eta afektuzko harremanak eraikitzea, ondo pasatzea eta gustura sentitzea ere.
4 urtetik 12 urtera arteko umeentzako udaleku irekiak izango dira, hau da, 2014 eta 2022 urteen artean jaiotakoentzat izango dira. Astelehenetik barikura 09:30etik 13:30era bitarteko ordutegian elkartuko dira, eta euskaraz jakitea baldintza moduan ipini dute: “Izan ere, kontuan eduki behar da umeen arteko harreman-hizkuntza euskara izatea dela udalekuen helburu nagusietako bat”. Gehienez 70 umek parte hartu ahalko dutela zehaztu dute. Erroldatuek eta Haizeder eskolako ikasleek lehentasuna daukate: “Gainontzeko plazak zozketa bidez beteko dira. Erroldatuek 100 euro ordaindu behar dituzte, eta erroldatute ez daudenek, ostera, 200 euro”. Familia bereko ume bat baino gehiago izanez gero, 20 euroko deskontua ezarriko dute umeko.
Izen ematea. Eako udalekuetan parte hartzeko izen ematea hainbat modutara egin daiteke. Udaletxean, 09:00etatik 14:00etara bitarteko ordutegian izena eman ahal da, eta Eskolondon berriz, astelehenetan, eguaztenetan eta eguenetan, 17:00etatik 20:00etara eta martitzenetan 10:00etatik 13:00etara. Posta elektronikoz egin nahi izanez gero, udala@ea.eus helbide elektronikora bidali behar da betetako inprimakia. Hain zuzen ere, Eako Udalaren webgunean ipini dute inprimakia. Ume bakoitzarentzat izen-emate inprimaki bana aurkeztu behar da, familia berekoen kasuan, inprimaki denetan zehaztu beharko dira ume guztien izen-abizenak.