HAPO berria "zorroztasunez eta erantzukizunez" egiten ari direla aldarrikatu du EAJk
Hiri Antolamendurako Plan Orokorra "legea erabat betez" egiten ari direla azpimarratu du Muruetako EAJk. Murueta Independiente Taldetik jasotako kritiken aurrean "oposizio eraikitzaile" baten beharra aldarrikatu dute jeltzaleek.
Murueta.Muruetako EAJ Muruetako EAJk udalerriaren egungo eta etorkizuneko beharrizanei erantzuteko helburua duen Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berria “zorroztasunez, erantzukizunez eta legea erabat betez” egiten ari direla aldarrikatu du.
Udal gobernu taldeak Muruetako ontziolaren eremua HAPOn sartzea aktibatu duela iragarri du, beti ere udalerriaren “errealitateagaz koherentea” den plangintza baten barruan: “Ez gaude bat-bateko erabakie aurrean, baizik eta lan serio eta planifikatu baten aurrean, irizpide teknikoekin eta ezarritako epeen barruan garatua”. Hala, prozesuko fase guztietan zehar “etengabe eta modu arduratsuan” lan egin dutela argitu dute, “inprobisaziorik gabe eta udalerritik kanpoko interesik gabe”.
Kanpoko proiektuei erantzun beharrean, HAPO berriak dagoeneko “zaharkituta” dauden hirigintza-arauak eguneratzeko beharrari eta Murueta herritarren egungo beharri erantzuten diola nabarmendu du alderdi jeltzaleak. Plangintza berriaren helburuak ere zehaztu dituzte, hala nola, etxebizitzarako sarbidea erraztea, ekipamenduak hobetzea, espazio publiko berriak sortzea eta udal azpiegiturak modernizatzea.
HAPO berria idazten hasi zirenetik Murueta Independiente Taldeak (MIT) egindako kritikei ere erantzun diote EAJkoek, erantzukizuna eskatuz: “Zalantzak edo informazio okerrak zabaltzeak ez dio interes orokorrari laguntzen, ezta udalerriaren etorkizunerako funtsezkoa den proiektu bati seriotasunez ekiten ere”. Muruetak “oposizio eraikitzailea” merezi duela aldarrikatu dute , ekarpenak egingo dituena eta udalerriak dituen “erronken mailan” egongo dena.
Hala, EAJko udal gobernu taldeak “gardentasunez, zorroztasunez eta hurbiltasunez” lan egiteko konpromisoa berretsi eta herritarrak prozesuan parte hartzera gonbidatu ditu: “Murueta modernoa, iraunkorra eta guztiontzako aukerak dituena nahi dugu, eta horretan ari gara lanean”.