Etxebizitza turistikoak "mugatzeko" helburuz, araudia berritu nahi du Eako Udalak
Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari "hiru aldaketa zehatz" egin nahi dizkio Eako Udalak, eta horietako bat da etxebizitzen turismo-erabileraren araubideari dagokiona. Herritarren parte hartzeari garrantzia emanez, bilera irekia deitu du zapatu honetarako.
Eako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari aldaketa “puntualak” egin nahi dizkio, eta bide horretan, bilera irekia deitu du zapatu honetarako [apirilak 25]. 10:00etatik 11:3oera bitartean izango da, udaletxeko batzar aretoan.
Udal ordezkariek batzarrera joateko gonbidapena luzatu diete herritarrei; izan ere, azpimarratu dute herriaren etorkizuna “denen artean pentsatzea ezinbestekoa” dela eta aldaketa horiek guztien beharretara egokitzeko, herritarren parte-hartzea “garrantzi bizikoa” dela: “Eako HAPOk hamarkada bat baino gehiago dauka, eta planari hiru aldaketa zehatz egiteko beharra ikusi du udalak, beti ere herritarren parte hartzearekin”.
Etxebizitzen erabilera turistikoa arautzeko, Natxituko bolatokiaren ingurua zabaltzeko eta Eako eskola zaharrei erabilera berriak topatzeko egin nahi dituzte aldaketak: “Eako Udalak HAPO gaur egungo beharretara egokitzeko prozesua abiatu du. Hiri Antolamenduko Plan Orokorra herriaren etorkizuneko diseinua zehazten duen bide orria da, eta plan horrek zehazten du lurra nola erabili, etxebizitzak non eraiki daitezkeen, parkeak non kokatu daitezken, zer gune babestu behar diren…” Horrenbestez, herritarren bizimoduan zein ingurunean “eragin zuzena” daukan tresna “nagusietakoa” dela gogoratu dute.
Etxebizitzen turismo-erabileraren araubideari dagokionez, etxebizitza turistikoak ugaritu direnez, araudia berritu beharra ikusi dute, “horiek mugatzeko eta herritarren ohiko bizilekuak babesteko” helburuz: “Eak daukan erakargarritasun turistikoak eragina du etxebizitzaren merkatuan, eta etxebizitza turistikoak ugaritu direnez, araudia berritu behar dugu”.
Bestalde, Natxituko Bolatoki aurrean “harreman-gune nasaia” sortu nahi dute. Horretarako, Bolatokiaren aurreko espazioa zabaltzea dute asmo, markesina eta hondakinen edukiontziak lekuz aldatuz. Uste dute horrela herritarren topaleku izateko espazio “garden bat” lortuko dutela. Eako eskola zaharrak berritzeari dagokionez, adierazi dute eskola zaharren eraikinak muga “teknikoak” dauzkala, eta egin nahi duten aldaketaren bidez, eraikina birgaitzea “bideragarri” egin nahi dutela, erabilera-aukerak zabalduz eta irisgarritasuna hobetuz, “eraikinari erabilgarritasun handiagoa emateko”.