Busturialdea margolari baten ikuspuntutik ezagutuz
Rosa Mari Gabantxo margolari bermeotarraren margolan erakusketa Busturiko Kultur Etxean egongo da ikusgai apirilaren 30a [eguena] bitartean.
Eskualdea inspirazio iturri nagusi duelarik, 300 margolan inguru egin ditu Rosa Mari Gabantxo margolari bermeotarrak bere ibilbidean zehar. Margoztea eta artelanak sortzea du pasio, eta berarentzat egiten duen lana bada ere, bere mundu artistikoko atea zabaltzen die maiz Busturialdeko herritarrei, han eta hemen erakusketak eginda. Aurten Busturian antolatu du erakusketa, eta apirilaren 30a [eguena] bitartean bisitatu daiteke, kultur etxean, astelehenetik barikura, 09:00etatik 11:00etara eta 16:00etatik 20:30era arteko ordutegian.
Erakusketara bertaratzen direnek Urdaibain zehar bidaiatzeko aukera izango dute, erakusketa osatzen duten 43 margolanetan zehar Busturiako, Gernika-Lumoko, Mundakako, Sukarrietako, Muruetako edo Bermeoko bazterrak Gabantxoren begirada artistikotik ikusi ahal izango baitira. Horrez gain, Euskal Herriko beste hainbat txoko ere margolan bihurtu ditu margolariak, Bilboko Guggenheim museoa edota Donostiako Eduardo Txillidaren Haizearen Orrazia eskultura, kasu. Gabantxok Benito Barruetaren omenez egindako lana ere ikusgai dago Busturiko Kultur Etxean.

Barrueta Arte Elkarteko kidea da Gabantxo, eta urteetan zehar margotzeko hamaika teknika garatu ditu, horietako asko Busturian ikusgai dauden lanetan antzeman daitezkeenak: arkatza paperean, akuarela likidoa, collage akrilikoa, akrilikoa oihalean, paperean zein erliebean, akuarela, hiru dimentsiotako erliebea… Teknika horiek margolan bihurtzeko prozesuan, atzera eta aurrera ibili ohi da Gabantxo: “Normalean argazki bat hartzen dut oinarri, baina nik ikusten dut zer eta ze ikuspuntugaz margotuko dudan, sarri lekura bertara joanda”.
Busturian ikusgai dauden lanak urte ezberdinetan egindakoak badira ere, oro har Gabantxok azken sei urteetan landu ditu: “Danetarik dago, azkenaldian margotu ditudan batzuk, eta estimuan ditudan beste batzuk. 2020an erakusketa egin nuen hemen, eta pandemia etorri zenez berton gelditu zen. Lan hauek ordutik aurrera egindakoak dira”.

Bere artelanak ikustera hurbiltzen diren herritarrengandik jasotako feedbackarekin pozik dago bermeotarra: “Erakusketa gustatzen zaie, eta askok goizeko argia nola islatzen dudan nabarmentzen dute”. Ikusleekin harreman berezia sortzen ahalegintzen da Gabantxo, eta horregatik, erakusketetara bertaratzen direnen artean bere artelaneako bat zozkatzen du: “Erakusketa zer iruditu zaien eta beraien margolan gustukoena zein den adierazi behar dute, beraien telefono zenbakia jarri eta zozketan parte hartu”. Zozketan sarituak ez direnek ere, egilearekin harremanetan jarri eta margolanak erosteko aukera ere badute.