Herritik herrira, errigoitiarrak elkartzeko
Argazkia: Batbigu Jai Batzordea Herritik Herrira leloa oinarri, Batbigu IV. Jaialdia ospatu zuten zapatuan [apirilak 18], Errigoitin. Batbigu Jai Batzordeak Ikuilu Elkartearen “ezinbesteko” laguntzagaz atondu zuen proposamena, eta “egun guztian giro ona eta jendetza” batu zirela azpimarratu dute jai herrikoi horren antolatzaileek.
Mendi martxagaz hasi zuten eguna, eta eguerdian, elkartearen kanpoaldea izan zuten topaleku. Aitor Etxebarriazarraga, Ibai Amillategi, Julen Ibarguengoitia eta Asier Legarretaren bertsoaldiak batu zituen lehenengo, eta horien erreleboa hartu zuten gero, Etxebarria aita-semeek: “Ibilaldian jende piloa egon zen, baita eguerdian ere. Talo ikastaroan umeak eta nagusiak elkartu ziren, taloak egin eta jaten, eta bertsolariak entzuten jendea adi-adi egon zen. Paella bi egin genituen, eta jendea pozik eta konforme geratu zen”. Jaiaren balorazio oso ona egin dute, eta beste behin, herritarrak elkartzearen eta elkarrekin ondo pasatzearen helburuak bete dituzte.
Abarka eta txapel jaurtiketak lehiatu zituzten arratsaldean, eta “giroa paregabea” izan zen. 400 pertsona inguruk parte hartu zuten horietan. Umeetan, Unax Cortes izan zen onena abarka jaurtiketan, eta txapel jaurtiketan, berriz, Lola Barriuso. Nagusietan, Aritz Azkona eta Markos Vega gailendu ziren abarka jaurtiketan eta txapel jaurtiketan, hurrenez hurren. Iluntze eta gau partea Narva eta Argi Galduak taldeek musikatu zuten: “Gaueko kontzertuetan gazteria piloa batu zen; joan-etorria etengabekoa izan zen”.
Antolakuntzako kideek parte hartu zuten guztiei eskerrak eman dizkiete, eta batez ere, Ikuilu Elkartearen babesa eta laguntza eskertu eta goraipatu dute, “Ikuilu Elkarterik barik ezin dutelako jai hori egin”.
**Argazkiak: Batbigu Jai Batzordea