Giro apartagaz, txistu doinuz bete dituzte Eako bazterrak
Eskualdeko txistulariak zapatuan, Ean.Txebi Arriaga Busturialdeko VII. Txistularien Egunak askotarako eman zuen zapatuan [apirilak 18]. Giro aparta ez ezik, momentu hunkigarriak ere utzi zituen, eta antolatzaileak “pozik” agertu dira.
11:00ak aldera elkartu, antolatu, eta bazkalordura arte etenik barik ibili ziren: “Danok batu, danok ezagutu eta egun alai eta ona pasatzea izaten da gure helburua, eta horrela izan zen; denak pozik geratu ginen”. Ia 70 txistulari elkartu ziren. Gehienak eskualdekoak izan baziren ere, gonbidatuak ere eduki zituzten, eta 60 pertsona elkartu ziren bazkalorduan: “Donostiatik, Sopelatik, Barakaldotik, Sestaotik eta Gallartatik ere etorri ziren txistulariak”.
Aldiro eskaintzen dituzten kanta herrikoi ezagunak ez ezik, udalerriarekin lotura daukaten kantu berezi batzuk ere eskaini zituzten: Iñigo Lopez Kanaren Gure herria eta Josu Bergararen Etxe honetan. Era berean, Bonifacio Latxa Ea, Natxitu eta Bedaronako aspaldiko organistaren On Jhose Mari eta Arin Arin Latxa ere jo zituzten: “Ea, Natxitu eta Bedaronako organista izan zen, eta Bedaronako emakume batekin ezkondu zen. Argentinan egon zen, eta berak han batutako partiturak txisturako prestatu ditugu. Bestalde, Gure herria abestiaren partiturarik ez da egon, eta guk egin dugu. Kana bera gonbidatu genuen, eta familiarekin etorri zen; oso eskertuta gaude”.

Itziar Bilbao bisitatu zuten.Txebi Arriaga
Eguneko momenturik hunkigarriena Lagun Etxea egoitzara egindako bisita izan zen. Izan ere, bertan dago Itziar Bilbao, garai batean Ean txistua irakasten ibili zen emakumea. Pieza bi eskaini zizkieten berari zein egoitzako egoiliarrei, eta pozarren hartu zituzten txistu doinuak.

Itziar Bilbao, bere ikasleekin, artxiboko irudianJuan Cruz Madarieta
Beste urte batez euren egunaren balorazio bikaina egin dute eskualdeko txistulariek eta datorren urtean ere elkartzeko eta egun ederra pasatzeko gogoz daudela adierazi dute.
*Argazkiak: Txebi Arriaga