Emakumeen ahotsa aktibatzeko galdetegia zabaldu du udalak
Internet bidez erantzun daitekeen galdetegiarekin Busturiko emakumeen parte hartze aktiboa sustatu eta "ahalduntze kolektiboa indartu" nahi ditu Busturiko Udalak.
Udalerrian emakumeen espazioak indartu eta eta horiei zuzendutako ekimenak elkarlanean antolatzeko helburuagaz, Busturiko Udalak herriko emakumeen interesak, beharrak eta parte hartzeko aukerak ezagutzeko galdetegia zabaldu du.
Internet bidez —karteletan jarritako QRaren bitartez— erantzun daitekeen galdetegiarekin Busturiko emakumeen parte hartze aktiboa sustatu gura dutela jakinarazi dute udaletik, baita “ahalduntze kolektiboa indartu” ere. Horretarako, belaunaldi ezberdinen arteko elkarrizketa eta elkarlana bultzatu eta emakumeentzako “espazio propio eta autonomoak” sortuko dituzte.
Prozesu horretan herriko emakumeen iritzia jasotzea “funtsezkoa” dela aldarrikatu dute udaletik, eta emakumeen espazioan indartzen laguntzeko eskaera luzatu die emakume busturiarrei. Izan ere, jasotako erantzunekin “emakume helduen taldea” sendotu gura dute, baita gazteentzako espazio berriak sortu ere. Bien bateragune izango diren belaunaldi ezberdinen arteko topaketak ere bultzatuko dituztela adierazi dute: “Proiektu hau emakumeen esku egotea eta denboran iraunkorra izatea lortuko dugu”.