Euskal Prospekzio Taldearen lanean sakonduko dute gaur
Eneko Madariaga Euskal Prospekzio Taldeko kideak hitzaldia eskainiko du gaur, 19:00etatik aurrera, Foruko Haitz Biribil txokoan.
Ikerketa historiko, memorialista, zientifiko eta kulturalean lan egiten duen Euskal Prospekzio Taldearen lanean sakontzeko aukera egongo da gaur, 19:00etatik aurrera, Foruko Haitz Biribil txokoan. Haitz Biribil Elkarteak eta Euskal Prospekzio taldeak antolatuta, prospekzio taldearen lanari eta helburuei buruzko xehetasunak emango ditu Eneko Madariaga taldeko kideak, erakusketa batek lagunduta. “Forukoa hitzaldia eta erakusketa txikia izango dira, topatzen ditugun pieza edo objektuak erakutsiko baititugu, horiek ikusita hitzaldia hobeto ulertzen delako, eta berba bakoitzari irudia jartzen dielako bertaratzen direnek”, azaldu du Madariagak.
Gerran eta errepresio garaian desagertutako pertsonen gorpuzkiak zein objektu pertsonalak aurkitzeko prospekzio lanak egiten dituzte taldeko kideek, historia garaikidea ikertuz, eta desagertze horiei buruzko egia ezagutzera emateko eta biktimak duintzea eta justizia eta erreparazioa lortzeko bidean aurrera egiteko asmoz. “Gure lana gehienbat 36ko gerran emandako borroketan desagertutako gudari eta milizianoen bilaketa egitea da. Hortik aparte, Aranzadi zientzia elkarteari laguntasuna eskaintzen diogu desobiratze lanetan”, adierazi du hizlariak.
2015ean eratu zuten taldea formalki, baina taldekideak lehenago ere aritzen ziren beharrean. Hain zuzen ere, hiru fasetan lan egiten dute: aurretiko ikerketa lana, prospekzio beharra eta katalogazioa. “Aurretiko ikerketa lanean dokumentazio historikoa lantzen dugu, testigantzak batuz eta dokumentuak harakatuz. Bigarren zatia lan fisikoarena izango litzateke, izan ere, prospekzioa egiten dugu zehaztutako eremuetan, gehien bat mendi eremuetan, gerrako borrokak horietan eman zirelako. Behin eremua ezagututa, desagertutakoen arrastoak egon ahal diren jakiteko bilaketa abiatze dugu. Eta, egindako lana txosten batean jasotzen dugu, gero Aranzadiri bialdu eta hor beste aktuazio bat egingo duten edo ez erabakitzeko. Azken fasea, berriz, katalogazio lana izango litzateke, identifikazio baterako prozesuagaz hasteko”, azaldu du Madariagak, eta, esan du prozesu horren nondik norakoetan sakonduko duela hitzaldian.
Hain zuzen ere, lan teknikoa zelan egiten duten horri buruzko xehetasunak ere eskainiko ditu, prozesua hasieratik amaierara arte zelakoa den ulertarazteko. Eta, beste eragile batzuek prozesuan duten garrantzia ere aipatuko du.