Familiei zuzendutako ikasketa eta lanbide orientazio jardunaldia hartuko du Artzak
Bizkaia Gazteak Busturialdea proiektuaren barruan, unibertsitateko zein Lanbide Heziketako prestakuntza aukerak eta horiek eskaintzen dituzten lan-irteerak "modu argi eta praktikoan" ezagutzeko aukera egongo da zapatuan [apirilak 18] Artzan, gurasoei zuzendutako lehen jardunaldian.
Bermeoko Artza udal pilotalekuak Busturialdeko familiei zuzendutako ikasketa eta lanbide orientazio jardunaldia hartuko du etzi [apirilak 18], 10:30etik 14:00ak bitartean. Ekimenaren helburua DBHko 4. mailako eta Batxilergoko ikasleei etorkizun akademiko eta profesionalaren inguruko erabakiak hartzeko prozesuan laguntza eskaintzea da, guraso edota tutoreen bide laguntzaren garrantzia nabarmenduta. Izan ere, azaroan ikasleei zuzendutako antzeko jardunaldiak egin ziren Bermeo eta Gernika-Lumon, baina zapatukoa gurasoei zuzendutako lehenengo jardunaldia izango da.
Jardunaldia Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia. Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrietako udalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu dute, eta Bizkaia Gazteak Busturialdea proiektuaren baitan. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, jardunaldia eskualdeko familientzat “aukera paregabea” izango da, beraien seme-alaben informazioa lehen-eskutik jasotzeko eta “orientazio pertsonalizatuagoa” lortzeko aukera izango baitute. Horregatik, eskualdeko familia guztiak gonbidatu dituzte jardunaldian parte hartu eta erabaki akademikoak “modu informatu eta seguruan” hartu ahal izateko baliabideak eskuratzera.
Izan ere, bertaratzen direnei unibertsitateko zein Lanbide Heziketako erdi zein goi mailako zikloei dagozkien prestakuntza aukerak eta horiek eskaintzen dituzten lan-irteerak “modu argi eta praktikoan” azalduko zaizkiela nabarmendu dute antolatzaileek: “Helburua da familiek informazio eguneratua eta erabilgarria izatea, seme-alaben interes, gaitasun eta aukerak hobeto ezagutzeko eta horien arabera erabakiak laguntzen hartzeko”.
Hala, hainbat prestakuntza-zentrotako ordezkariak egongo dira zapatuan Artzan, beraien eskaintza akademikoak eta espezializazio arloak ikasle eta familiei azaldu asmoz. Arlo sozial-artistikoan, IED Kunsthal —moda, produktu, diseinu grafikoa, barne-diseinua, argiztapena eta food design— eta Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatea —berrikuntza eta ekintzailetza— ezagutu ahal izango dituzte; arlo zientifiko teknologikoan, Urdukiz 42 programazio campusa —web garapena, zibersegurtasuna eta adimen artifiziala—; arlo sozial-artistiko eta zientifiko teknologiari dagokionez, EUNEIZ —multimedia eta bideojokoetako gradua, bideojokoetarako artea, diseinua eta garapena, ekoizpen muskala eta psikologia— eta ECPV —zinema, interpretazioa eta publizitate grafikoa— zentroak ere Artzan izango dira. Hetel Zabalburu —telekomunikazio eta informatika sistemak, web aplikazioen garapena eta sareen administrazioa— eta Hetel Txorierri —automatizazioa eta robotika industriala, fabrikazio mekanikoko diseinua eta ekoizpena, sareko sistema informatikoen administrazioa eta industria digitaleko espezializazioak— arlo zientifiko teknologikoko prestakuntza zentrok ere beraien eskaintza azalduko dute.