Eskualdeko txistulariek Ean ospatuko dute euren eguna
Busturialdeko VII. Txistularien Eguna ospatuko dute zapatuan [apirilak 18], Ean. 11:00etan elkartuko dira, eta 11:30ak aldera hasiko dute kalejira.
Udalerriarekin lotura daukaten kantu berezi batzuk gehituko dizkiote oraingo honetan euren errepertorio zabalari. Besteren artean, udalerriko bi musikariren abestiak eskainiko dituzte: Kanaren Gure herria eta Josu Bergararen Etxe honetan. “Kanak egindako abestiaren partitura atera dugu, eta Josu Bergararen kantu ezaguna ere abestuko dute. Kanarena Natxituko herriari abestutako kanta da, Natxituri eskainitakoa, eta Josu Bergararen Gabon soinua oso ezaguna da bertatik kanpo ere. Bestalde, antzina, Eako, Natxituko, Bedaronako eta Ispasterko elizetan organoa jotzen zuen organistaren partitura batzuk atera, eta txisturako prestatu ditugu”.
53 txistulari eta zortzi abeslari elkartuko dira. Izan ere, iaz Sukarrietan eta Kanalan ospatu zuten euren eguna, eta zortzi emakume abestera animatu ziren. Esperientziagaz “pozik”, aurten errepikatzea erabaki dute: “Sukarrieta eta Kanalako laldeko kideak dira, eta iaz bertan ospatu genuenez parte hartu zuten. Giroa gustatu zitzaien, eta aurrerantzean, eurak ere etorriko direla esan dute”.
Busturialdeko txistulari taldeetako kideez gain, Donostiatik eta Sestaotik ere hurbilduko dira Eara: “Busturialdetik kanpo ere interesa agertzen dute. Jendeak etorri gura duela esaten digu, eta gustura egoten dira; iaz, esaterako, Sopelatik etorri ziren”. Era berean, bertako zein eskualdeko herritarrei Eara joateko gonbidapena luzatu diete antolatzaileek, “doinu ederrez eta giro onaz gozatzeko” aukera paregabea izango baita.
Elkartzeko eta harremanak sendotzeko eguna izaten da, eta elkarrekin bazkaltzen dute urtero. Zapatuan, 14:30etik aurrera, Bodegoian bazkalduko dutela jakinarazi zute.