Batbigu jai batzordeak laugarren jaialdia ospatuko du zapatuan
Batbigu jai batzordearen jaia ospatzeko askotariko ekintzak egongo dira zapatuan [apirilak 18] Ikuilun.
Apirilean egin zuten bigarren Batbigu jaia.Batbigu jai batzordea Batbigu Jai Batzordeak laugarren jaialdia antolatu du zapaturako [apirilak 18] Herritik herrira lelopean. Hala, errigoitiarrek egun guztiko egitarauagaz gozatzeko aukera izango dute Ikuilun.
Herrikoak eta inguruko batzeko jaia da; adin guztietako herritarrak elkartzen dira antolatzeko eta jaia ospatzeko: «Denontzako jaia da; jai zabala da, eta datozenak ondo hartuak izango dira. Herrian bizi den jendea elkartzen gara, eta herrira bizitzen etorri den jendeak babes handia eman dio jaiari, eta lan izugarria egiten dute. Euren ekarpena eta gogoa oso garrantzitsuak dira».
Ikuilu elkarteagaz elkarlanean ospatuko dute jaia. 10:30ean emango diote hasiera egunari, ohi bezala, mendi martxagaz. Ondoren, 13:00etan, denetarik egongo da: pintxoak, talo tailerra, bertsolariak, buruhandiak eta trikitilariak. Aitor Etxebarriazarraga, Ibai Amillategi, Julen Ibarguengoitia eta Asier Legarreta ariko dira bertsotan, eta Etxebarria aita-semeek musikatuko dute jaia.
Ondoren, 15:30ean, bazkaritan batuko dira; paella eta plantxakoa egongo dira menuan. 17:00etan hasita abarka eta txapel jaurtiketan lehiatu, eta 19:00etan pernilaren sari banaketarako batuko dira. Egunari amaiera emateko musikak hartuko du protagonismoa; izan ere, 20:00etan Narva taldeak alaituko ditu Errigoitiko bazterrak, eta ondoren Argi Galduak taldearen txanda izango da.
Egun guztian musika eta jan-edana egongo da, baita abarka eta txapela jartiketan entrenatzeko aukera ere. Horrez gain, antolatzaileek buruan apaingarriren bat eroateko deia egin diete herritarrei.
EGITARAUA.
- 10:30. Mendi martxa.
- 13:00. Pintxo-poteo, talo tailerra, bertsolariak, buruhandiak eta trikitilariak.
- 15:30. Bazkaria (paella eta plantxakoa).
- 17:00. Abarka eta txapel jaurtiketa.
- 19:00. Pernillaren sari banaketa.
- 20:00. Kontzertuak: Narva eta Ardi galduak.
- Egun osoan. Musika, txosna eta abarka eta txapel jaurtiketarako entrenamenduak.