"Arrolapeko emakumeontzat, mendia saretzeko aitzakia da"
Arrolape Mendi Klubaren adar oso bestelako bi islatzen dituzten bi kidek, Ireder Angulo Elexpek eta Irantzu Landa Ibarguengoitiak, emakumezkoek mendi lasterketen zein martxen alorretan egun duten presentziaren, esanguraren eta erronken berri eman dute.
Gaur egun, emakumezkoen sailkapenik gabeko lasterketak edota emakumezko martxalarien presentzia ez duten mendi martxak egon zirela imajinatzeak ia-ia distopia dirudi: beste sasoi baten kiratsa, gizonezkoen berezko ekosistematzat hartua izan zen habitat baten iragan isla. Eginda, egite bidean eta egiteko geratzen diren urratsen inguruan hausnartu dute Arrolape Mendi Klubeko Ireder Angulo Elexpe mendi korrikalariak eta Irantzu Landa Ibarguengoitia mendi martxalariak.
Non dago mendia zuon bizitzan?
Irantzu Landa Ibarguengoitia: Geure etxean, mendia etxetik jasotako oinordetza da. Nire kasuan, gurasoengandik jaso nuen, nire bikotekideagaz partekatzen dut, eta semeei transmititu diegu. Mendian sarri ibiltzen garenez, federatzea ideia ona litzatekeela pentsatu nuen, eta halaxe iritsi nintzen Arrolape Mendi Klubera.
Ireder Angulo Elexpe: Nire familian ere elementu esanguratsu askoa da mendia. Zerbait izatekotan, terapiaren edota arnasgunearen parekoa da niretzat: eguneroko zurrunbilotik tarte batez aldentzeko bidea, ezertan ez pentsatzea ahalbidetzen didan ingurunea. Ni Durangoko Alpino Tabira taldean federatu nintzen lehendabizi, baina hango ingurugiroagaz ez nuen erabat bat egin. Jarraian, Arrolape Mendi Klubean izena eman nuen, are gehiago, emakumezkoen sekzioak zelanbaiteko bultzada behar zuen jakitun.
Irantzu Landa: “22 emakume gara Arrolapen; klub barruko antolakuntzan eta kudeaketan integratuta gaude”
Zelako osasuna du emakumezkoen presentziak mendian?
I.A.E.: Asko hobetu daiteke, nahiz eta azken urteetan ekimen interesgarriak agertu diren eta emakumezkoen presentzia bermatzeko bultzada sortu izan den. Edozelan ere, asko dira oraindik maskulinizatuta dauden klub zein lasterketak.
I.L.I.: Martxen kasuan, azken urteotan asko indartu da emakumeen presentzia, adin tartea zabaltzeagaz batera.
Dena dela, datuek ez diote gezurrik: gizonezko eta emakumezko parte hartzaileen arteko balantzak desoreka handia islatzen du oraindik.
I.A.E.: Asko dira berdintasunaren aldeko apustua egiten ari direnak, kasurako, parte hartzaileen dortsalen erdia generoka banatzea, izen emate prozesuetan emakumezkoen parte hartzea bultzatzea edota emakumezkoentzako sailkapenak indartzea. Baina, era berean, agerikoa da oraindik erronka erraldoiak egiteko daudela.
I.L.I.: Martxen kasuan, genero arrakala ez da hain agerikoa. Gehiengoa gizonezkoak izanik ere, aipatu modura, emakumezkoen parte hartzeak gorakada itzela izan du, batez ere, pandemia sasoitik aurrera. Etxeratze sasoiaren etapa batean, kalera barik, mendira ateratzeko aukera suertatu zen; orduantxe hauspotu zen parte hartzea. Federatutako fitxen kopurua ere izugarri hazi zen aldi hartan.
Antolakuntza mailan, klubetako emakumezko partaideak zein posiziotan daude?
I.L.I.: Arrolapen, esate baterako, 22 emakume gara. Antolakuntzan eta kudeaketan integratuta gaude, kluba osatzen duten lantalde denetan emakumezkoen presentzia dagoelako. Arropen taldean, Mendi Jaiaren antolaketan, dortsalen edota korrikalarien poltsen prestakuntzan… talde denetan dugu ordezkaritza. Lanaren banaketan, ez dago genero pitzadurarik: beharra denona da, eta denok berdin egiten dugu.
Lasterketen kasuan, badira sasoi oso gaitzetan bidea zabaldu zutenak, Maialen Basterra nahiz Leire Monasterio, esaterako.
I.A.E.: Erreferenteak dira, hainbat arrazoirengatik. Beraien motibazioa eta maila fisikoa ere nabarmendu gura nituzte, gaur egun oraindik kota oso altuetan baitabiltza. Izugarria da bertatik bertara ikustea zelan hasi ziren eta zelan ari diren. Duela zenbait urte, izan mendi martxak, izan ultradistantzia lasterketak moduko inguru maskulinizatuetan parte hartzea benetan latza izango zela pentsatzen dut.
Zelan aldatu da azken urteotan arrolapetar emakumezkoen kopurua?
I.L.I.: Esango nuke egonkor samar mantendu izan dela, orain dela oso gutxira arte; partaiderik gazteenen integrazioak kopurua apur bat igo du. Kopuru polita da, betiere dinamika parekotasuneranzkoa den heinean.
Alde horretatik, garrantzitsua behar du izan Arrolape mendi lasterkarien klub soila ez dela argiki bistaratzeak.
I.A.E.: Hori da. Jendeak jakin behar du hemen, korrikalariek ez ezik, martxalariek eta mendiagaz identifikatzen diren emakume guztiek tokia daukatela, praktikatzaileak izan zein ez.
Ireder Angulo: “Gauza pila bat egiteke dago, eta erabateko parekidetasunera heltzeak gaur-gaurkoz utopia dirudi“
Beste kirol batzuetan ez bezala, natura da zuon kantxa. Zelan kudeatzen dira, ildo horretatik, talde dinamikak?
I.A.E.: Denetarako tartea dago, eta denentzako espazioa. Guk, adibidez, emakumeen WhatsApp taldea dugu; bertan adosten ditugu talde jarduerak. Hala, oinez irteera eginez gero, argi dugu lehiakortasuna bigarren planora igaro beharko dela. Alderantzizkoa ere gertatzen da: badira entrenatzeko eta gorputza astintzeko intentzioz adosten ditugun hitzorduak. Are gehiago, korrika edo oinez egin ez arren, jendeak aukera du taldean kalera edota bazkaritara batzeko, adibidez. Arrolapeko emakumeontzat, mendia saretzeko aitzakia da.

Klub mailan, planteatu al da inoiz herri mailan espreski emakumezkoei zuzendutako eguna edo parekoa antolatzerik?
I.L.I.: Noiz edo noiz bururatu izan zaigu, baina ez du aurrera egin. Hori bai, inoiz tankerako zer edo zer antolatzekotan, uste dut erantzun ona edukiko lukeela: Busturialdean mendizaletasun handia dago.
Zuon pareko taldeetako emakumezkoekin ba al dago sororitaterik?
I.A.E.: Duela zenbait aste, Urdaitri taldeko emakumeak bildu ziren, eta bertan klub bien partaide diren arrolapetar batzuk ere egon ziren. Orain, kirolekin lotutako emakumezkoen WhatsApp taldea sortu dugu, 20-30 lagunez osatutakoa. Beraz, ahizpatasun hori hortxe dago.
I.L.I.: Martxen kasuan, aurpegi ezagun berberak ikusi ohi ditugu asteburuz asteburu; horrek, finean, hurbiltzea eta elkarrekin saretzea sortzen du.
Zein kolore du etorkizunak?
I.A.E.: Oraindik gauza pila bat egiteke dago, eta genero arteko erabateko parekidetasunera heltzeak gaur-gaurkoz utopia dirudi. Egin beharreko lanaren zati esanguratsu bat, gainera, gizonezkoei dagokiena da.