Unax Pollock eta Luken Soria Europako Taekwondo Txapelketan ariko dira egunotan
TAE Gernikako Unax Pollock eta Luken Soria Espainiako Taekwondo ITFko Selekzioagaz ariko dira gaurtik (martitzena) aurrera, Mariborren (Slovenia), Europako Txapelketan.
TAE Gernikako ikasle Unax Pollock eta Luken Soria Espainiako Taekwondo ITFko Selekzioagaz ariko dira Mariborren (Slovenia) Europako Txapelketan, apirilaren 12tik 19ra arte; dagoeneko Mariborren daude, entrenatzen, baina gaur (apirilak 14) hasiko dira lehian. Klubeko arduradunentzat “lorpen itzela” da hori, horrek urteetako beharra islatzen duelako, baita ekina eta ardura ere, tatami barruan zein kanpoan: “TAE Gernika klubak albiste hau guretzat eta gernikarrentzat ere harrotzeko modukoa den albistea da. Gure ustez, klubarentzat ez ezik, gure herriarentzat ere une berezia da”.
Izan ere, beraiek dakitenez, arte martzial alorreko diziplina batean lehenengo kirolari gernikarrak izan daitezke Europako Txapelketa batean parte hartzen, eta horrek udalerria nazioarteko kirol esparruan jartzen duela uste dute. “Aukera honen aurretik, urteetako esfortzua, diziplina, konpromisoa eta kirol balioak daude, ezinbestean, kirolarien, familien eta entrenatzaileen aldetik”, adierazi dute.
Mariborreko txapelketa bete eta gero, bi atletak beraien kirol prestakuntzan beste aurrerapauso bat emango dute Benidormen irailaren 27tik urriaren 4ra bitartean, kluben arteko Taekwondo ITFko Munduko Kopan parte hartzeko: “TAE Gernikak lorpen hau balioan jarri gura du, eta eskerrak eman nahi dizkie horrelako lorpenak bideragarri egiten dituzten pertsonen eta erakundeen laguntzei, gazteak kirolaren bidean hazi eta kirolaren bidez gazteei amets eginaraziz”.
Hala, gehitu dute Pollockek eta Soriak “harrotasunez” erakutsiko dituztela Europako lehian kirol horren, klubaren beraren zein Gernika-Lumoren balioak: “Esfortzu eta nork bere mugak gainditzeko gai direla erakusteko eredu dira biak, eta beraien ibilbidea herriko beste kirolari gazteentzako erakusgarria izateko modukoa izanog dela uste dugu”.
