Gernika RT, helburu nagusia beteta, baina datorrenarentzako anbizioz
Pasek Belenosen aurka 42 eta 29 irabazita, liga jardunaldi bi geratzen zaizkio Gernika Rugby Taldeari. Sailkapeneko lidergoari eustea eta play-offak etxean jokatzea dute helburu basurdeek. Domekan [apirilak 19] Club de Rugby Sant Cugaten kontra jokatuko dute.
Gernika Rugby Taldea denboraldiko faserik garrantzitsuenetako baten aurrean dago. Ohorezko Elite Mailako liga erregularra amaitzeko jardunaldi bi geratzen zaizkio talde gernika-lumotarrari, eta, gaur-gaurkoz, lidergoari eusteko aukera guztiak bere horretan ditu. Hurrengo jardunaldia domekan [apirilak 19] jokatuko dute, Club de Rugby Sant Cugaten aurka; horren ostean, atzeratutako 11. jardunaldia jokatu beharko dute, Valencia RCren kontra.
Sasoi betean helduko dira basurdeak azken txanpa horretara: partidu gutxien, bi, galdu dituen taldea da momentuz, eta beste bi berdindu egin dituzte. Azken jardunaldia iragan domekan [apirilak 12] jokatu zuten, Pasek Belenosen kontra, Urbietan. Etxeko taldeak garaipen argia eta landua eskuratu zuen, 42 eta 29 gailenduz. Basurdeek hasieratik nagusitasuna kantxaratu zuten, partiduaren kudeaketa uneoro kontrolpean edukita. Eraginkor aritu ziren erasoan, eta seguru defentsa lanetan; atsedenaldira 24 eta 10 aurrea hartuta iritsi ziren. Bigarren zatia hasi bezain pronto, Pasek Belenosek urrats bat aurrera egin zuen, entsegu pare bat eginez. Edozelan ere, ez zen nahikoa izan, eta ederto erantzun zuen Gernika RTk. Azkenean, 42 eta 29 nagusitu ziren etxekoak.
Taldeko ordezkaritzak argitu duenez, neurketaren azken markagailua partiduak edukitako dinamiken “isla fidela” da: “Ez dago menperatzen erraza den aurkaririk, baina norgehiagokaren kontrola ez genuen une batean ere galdu eta, horrenbestez, merezitako garaipena lortu ahal izan genuen, Urbietako zaleen aurrean. Gainera, kontuan izan behar da gainontzeko taldeei liga biribiltzeko jardunaldi bakarra geratzen zaiela, eta, guk, ostera, Valencia RCren aurkakoa ere jokatzeko daukagula, alegia, beste pausotxo bat egiteko aukera dugula”.
Sant Cugaten aurkako partiduari dagokionez, taldekideen eskarmentua “gako” izan daitekeelakoan daude: “Alde batetik, Sant Cugaten aurtengo lantaldea gazte samarra da, eta, hortaz, geure jokalarien ibilbidea eta eskarmentua zukutu beharko ditugu. Ohorezko Elite Maila oso gogorra da talde denentzat, baina bereziki lantalderik gazteena daukatenentzat. Geure aldetik, jokoari abidura ematen saiatuko gara, partiduaren erritmoa kudeatu ahal izateko; erasoan eraginkor aritzea giltzarri izango da. Jardunaldi horren helburua da bai ala bai garaipena eskuratzea, Valentziara lanak ondo eginda joan ahal izateko eta, hala, lehiaketa minuturik gutxien eduki dituzten jokalariei azken liga partidua jokatzeko aukera emateko. Bartzelonako zelaigunea belar sintetikoduna da, eta horri kanpoian jokatzeko bidaiaren neke erantsia gehitu behar zaio. Dena dela, orain arte modura, aurpegia erakusteko prest gaude”.
2021 eta 2023 urteen artean basurdeen koloreak defendatutako Francisco Pastor taldera bueltatu da
Lantaldea “oso motibatuta” dago, denboraldiaren azken zatiari “gogotsu heltzeko” prest. Gainera, Francisco Pastor azken zati horretarako bildu zaie basurdeei; 2021 eta 2023 urteen artean gernika-lumotarren koloreak defendatu zituen, eta etxera bueltatuko da. Sasoi hasieran ezarritako jomuga, ligako igoera kanporaketara sailkatzea, “bizi-bizirik” dago: “Aurrerantzean edozer gertatuagatik ere, taldekideok oso pozarren gaude egiten ari garen denboraldiaz; sobera frogatu dugu gogor behar egin dugula, eta maila honetako talderik sendoenen parean gaudela, sendoena ez bagara”.
Helburua, beteta.
Igoera kanporaketan edozer geratu ahal den arren, hura galtzea “ez litzateke inolaz ere porrota” basurdeentzat: “Finalaurrekoetan edota balizko finalean galduko bagenu ere, denboraldia ontzat joko genuke. Izan ere, azken zatitxoan gertatzen denak ezin ditzake urte osoko emaitza onak eta egindako lana alboratu”. Alde horretatik, “hainbat aukera” daude, kanporaketari dagokionez. Gernika-lumotarren helmuga finalerdia eta finala Urbietan eta etxeko jarraitzaileen aurrean jokatzea litzateke: “Gaur-gaurkoz, kanporaketarako matematikoki sailkatuta gaude, baina ikusteko dago lehen, bigarren edo hirugarren postuan sailkatuko garen”.
Kanporaketa Urbietan jokatzea “erabateko helburua” da Gernika RTrentzat
Hain zuzen, lehen postuan sailkatuz gero, azken partiduok etxean jokatuko lituzkete. Bigarrena izanezko gero, finalaurrekoa Urbietan jokatuko lukete, baina, finalera pasatuta, lehenengoaren kantxan jokatuko lukete. Liga erregularra hirugarren postuan amaitzeak, berriz, hala finalaurrekoa, nola finala etxetik kanpo jokatzea suposatuko lieke. “Horrenbestez, taldea Ohorezko Elite Mailan egonkortzearen eta ahalik eta goren sailkatzearen helburuak beteta daude honezkero. Hemendik aurrera datorrenari asebetetasunez baina anbizioz helduko diogu; urte osoan gauzak bikain egin ditugu, eta denboraldiaren balorazioa, kanporaketa irabazi zein ez, positiboa da. Maila igoerari ez erreparatzea, noski, ezinezkoa da goi mailako kirolean, baina horretarako lehenendabizi tarteko urratsak egin behar dira; urrats horietatik esanguratsuenetakoa finalerdia eta finala etxean jokatzen saiatzea da”.