Emakumeen Munduak kongresuan parte hartzeko izena eman daiteke
Emakumeen Munduak kongresua akademiako eta gizarte-aktibismoko emakumeak biltzen dituen nazioarteko eta jakintza alor desberdinen arteko topaketa da, eta bertan egon gura dutenek maiatzaren 11ra bitarteko epea dute hori egiteko. 200 proposamen baino gehiago jaso dituzte topaketarako, eta dagoeneko beraien etorrera baieztatu dute Colectiva Volcanicas talde feministak eta Zimbabwe Young Women's for Peacebuilding taldeak.
Emakumeen, feminismoen, lurraldeen, gorputzen eta erresistentzien bidez bakeak —pluralean— berriro irudikatzea proposatzen duen Emakumeen Munduak Nazioarteko Kongresuaren (MM26) 15. aldia Gernika-Lumora eta Bilbora ailegatuko da maiatzaren 20tik 24ra bitartean, Emakumeak eta bakeak lelopean.
Hala, bertan egon gura dutenek maiatzaren 11ra arteko epea dute izena emateko, hurrengo galdetegia beteta, bost eurotan. Jakinarazi dutenez, batutako dirua gizarte ekintza edo eragile bati bideratuko diote.
Emakumeen Munduak kongresua akademiako eta gizarte-aktibismoko emakumeak biltzen dituen nazioarteko eta jakintza alor desberdinen arteko topaketa da. Eta, aurtengoak, sareak eta estrategia feministak ehuntzeko gonbidapena egingo du, “aldaketak bultzatzekoa, zubiak eraikitzekoa, eta bestelako etorkizuna irudikatzekoa”. Hala, justiziatik eta baketik mundu bizigarriago bat pentsatzeko “espazio kolektiboa” izango dela azpimarratu dute: “Topaketen aldarriakpena egiteko, bake positiboa komunitatetik, zaintzatik eta elkarrekin egindako ekintza eraldatzailetik eraikitzen dela erakutsiko dugu, kolektiboki”.
Topaketak iraungo dituen egunetako egitaraua hilabete honetan iragarriko dute, baina diotenez, partaideek aurkeztutako 200 proposamen baino gehiagoren artean aurkeratutako diziplina anitzeko proposamenek osatuko dute hori. Ekarpen horiek “dozenaka lurraldetatik” ailegatu zaizkiela jakinarazi dute, tartean Brasiletik, Kolonbiatik, Guatemalatik, Indonesiatik, Iranetik, Kosovotik, Mozambiketik, Yemenetik edota Cabo Verdetik.
Zortzi gai ildo proposatu zituzten antolatzaileek parte hartzaile guztien sormenerako abiapuntu izateko: desmilitarizazioa, des-sekuritizazioa eta armagabetze globala; memoriak eta indarkeriak ez errepikatzeko bermeak; migrazioak, erbesteratzea eta behartutako lekualdatzeak; ondasun komunak; gorputzak-lurraldeak-bakeak; zaintza eta egunerokotasuneko bakeak; eta, bakearen aldeko metodologia feministak. Horien artean, proposamen gehienak memoria eta indarkeriarik ez errepikatzeko bermeei buruzkoak eta bakerako metodologia feministei buruzkoak izan direla aurreratu dute, emakumeen ekarpenek bakeen kulturaren inguruko kezka eta konpromiso globala argi adierazten duela esanda. “Sekuritizazioaren dinamikak, militarizazioa eta guda narrazioak nagusi diren testuinguru honetan, beraz, topaketaren garrantzia azpimarragarria da”.
Dagoeneko baieztatu dituzte zenbait eragile, eta horien artean daude Colectiva Volcanicas talde feminista eta Zimbabwe Young Women’s for Peacebuilding. Lehenengo taldeak Costa Rucan du egoitza nagusia, eta Nikaraguako emakume migratuei bizitzako historietan laguntzen die sareko lanaren, komunikazioa digitalaren eta eragin politikoaren bidez. Bigarrenak, aldiz, Zimbabweko emakume gazteen jabekuntza dauka helburu, euren bizitzei eta komunitateei buruzko erabakietan aktiboki parte har dezaten.
MM26 Gernika Gogoratuz Bakearen aldeko Ikerketa Zentroak eta Gernikatik Mundura Elkartasun Instituzionalistaren aldeko Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatu dute, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren laguntzaz. Izan ere, Emakumeen Munduak diziplina arteko kongresua da, lau hamarkadatik gorako ibilbidea daukana eta jakintza akademikoa zein lurraldetik zein egunez eguneko esperientziatik sortzen diren ezagutzak balioan jartzen dituena. 2022an Mozambiken egindako azken edizioaren ostean, Euskal Herriak lekukoa hartu du oraingoan, partaidetzarako prozesu baten bidez, eta bertako, Espainiako, Kolonbiako eta Mozambikeko erakunde feministak eta bakezaleak prozesuaren parte izan dira.