Guggenheim Urdaibaiko 40 milioiak ingurumen planetara bideratzea aztertuko du Mitecok
EH Bilduk jakinarazi du Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Espainiako Ministerioak Guggenheim Urdaibaiko 40 milioiak ingurumen jasangarritasuneko proiektuetan inbertitzea aztertuko duela, alderdi abertzaleko ordezkaritza bat ministerio horretako ordezkariekin bildu ondoren.
EH Bilduko ordezkariak Espainiako Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioko ordezkariekin batera.EH Bildu Espainiako Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioak konpromisoa hartu du Guggenheim Urdaibairako ziren 40 milioi euroak eskualdeko ingurumen jasangarritasuneko proiektuetara bideratzeko aukera aztertzeko. EH Bilduk eman zuen albiste horren berri atzo (martxoak 2), alderdi politiko horren ordezkaritza bat ministerio horretako ordezkariekin Madrilen bildu eta gero. Bilera horretan, ministerioak aukera hori aztertzeko konpromisoa hartu duela jakinarazi zuten, nahiz eta funtsen norakoak oraindik erabaki barik egon.
Espainiako Gobernuak Bizkaiko Foru Aldundiarekin adostutako hitzarmena inpugnatu eta diru laguntza itzultzeko eskatuko balu, EH Bilduk “funtsezkotzat” jo du diru kopuru hori Busturialdeko ingurumena hobetzeko neurrietara bideratzea, eta horretarako bideak bilatzeko jo du bilera hori egitera: “Horretarako, formazio subiranistaren ordezkariza instituzional bat Madrilera joan da, ministerioaren aurrean esku hartzeko, akordioaren berrinterpretazio bat egin dezaten eskatzera, 40 milioi euroak Busturialdean inbertitzeko, museoa eraiki ez arren”.
Iker Casanova Bizkaiko Foru Aldundiko batzarkide eta koalizioaren bozeramaileak dio “aukera bat” litzatekeela hitzarmen horren 40 milioiak benetan eskualdean geratzea: “Aukera bat litzateke 40 milioi horiek Biosferaren Erreserba garatzera eta ingurumena babestera bideratzea. EH Bilduk lanean jarraituko du erakundeen aurrean, diru hori gal ez dadin eta Busturialdeko ingurumena biziberritzeko motor gisa balio dezan”.
Beragaz batera, Idurre Bideguren senatari bermeotarra eta Mikel Otero Madrilgo diputatu eta alderdi subiranistaren Trantsizio Energetikorako idazkariak osatu zuten EH Bilduren ordezkaritza bileran; bestalde, Hugo Moran Ingurumeneko Estatu idazkaria eta Jose Fiscal kabuneteko burua izan ziren gobernuaren ordezkariak.