Sarrigurengo hilketa matxista salatu dute
Bariku arratsaldean [otsailak 20] gizonezko batek emakumezko bat hil eta beste bat larri zauritu zuen Sarrigurenen, eta erasoa salatzeko elkarretaratzea deitu zuen Busturialdeko Itaiak herenegun. Gernikako Sare Feministak gaur egingo du elkarretaratzea, 19:00etan, Merkurion.
Argazkia: Itaia Busturialdea Bariku arratsaldean [otsailak 20] Sarrigurenen, Nafarroan gizonezko batek emakumezko bat hil eta beste bat larri zauritu zuen. Erailketa salatu eta biktima zein ingurukoei babesa helarazi asmoz zapatu iluntzean elkarretaratzea deitu zuen Busturialdeko Itaiak, Merkurion. Gernika-Lumoko Sare Feministak berriz, gaur arratsalderako [otsailak 23] luzatu du deialdia, 19:00etan, Merkurion bertan.
Jakinarazi dutenez, erailketa barikuko 19:30ean gertatu zen, Nafarroako Erresuma etorbideko etxe batean; gizonezkoak labanaz erasotu zuenn bikotekidea, eta, larrialdi zerbitzuak bertara joan zirenean, ezin izan zuten emakumea suspertu. Gizonak larri zauritu zuen beste emakume bat, bere ama, hain justu ere. Biktima Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman zuten eta ebakuntza bat egin zioten gauean. Sekretupean da sumarioa, baina zenbait iturrik argitaratu dutenez, emakumea erraina babesten saiatu zenean egin zion eraso gizonak. Bikoteak lau seme-alaba dauzka, guztiak adin txikikoak, eta horietako bat etxean zen hilketa gertatu zenean.
Erasoaren ondoren gizonak etxebizitzatik ihes egin zuen, baina polizia telefonoz jarri zen harekin harremanetan, eta geroago bere burua aurkeztu zuen polizia etxean. Ertzaintzak gizona atxilotu zuen, eta gaur gaurkoz, foruzainek gertatutakoa ikertzen jarraitzen dute. Zenbait iturrien arabera, bikotea banatzeko prozesuan zegoen, eta eztabaida baten ostean eman zen erasoa.
