Taekwondoko ITF Promozio Txapelketa lehiatuko dute Jai Alain, bigarrenez
TAE Gernikak antolatuta, Jai Alai pilotalekuak taekwondoko ITF Promozio Txapelketa hartuko du bihar [otsailak 14], bigarren urtez. Espainia osoko sei talde ariko dira bertan.
Euskal Herriaren eta Espainiaren luze-zabalean lehia bete-betean aritu ondoren, Gernika-Lumon, etxean, lehiatuko dira asteburu honetan TAE Gernika taldeko kideak. Izan ere, bihar (otsailak 14) Jai Alai pilotalekua ITF Promozio Txapelketaren kokaleku izango da bigarren urtez jarraian. Goi mailako taekwondo txapelketa atondu dute gernika-lumotarrek, eta punta-puntako taldeak elkartuko ditu, 09:00rak eta 17:00ak bitartean.
Lehiaketa Jai Alai frontoiko kantxaren gaineko 6 tatamitan egingo da aldi berean, eta Espainiako sei klubetako 223 lehiakidek parte hartuko dute lehiako kategoria eta modalitate desberdinetan, sei urtetik hasita beteranoetara arte, koloredun garrikoa zein baltza jarrita. TAE Gernika klubaren aldetik, zehatz esateko, 38 lehiakide ariko dira nor baino nor gehiago.
Publiko orokorrarentzat sarrera librea izango da, eta antolakuntza-taldeak dei zabala egin du ikusten joateko. Izan ere, lehiaketa berezia da, Gernika-Lumon bigarrenez egiten dena. Jakinarazi dutenez, 30 boluntario laguntzaile egongo dira, behar dan moduan identifikatuta. Ondorioz, udalerriko taekwondo klubak eskerrak eman gura dizkie kirolariei, boluntarioei eta babesle guztiei euren laguntasunagaitik.
Gainera, aurten ere, txapelketa egunean diru bilketa egingo da KBG Sindromearen elkartearen alde. KBG sindromea mutazino genetiko batek sortutako gaixotasun arraroa da, eta Espainian 100 bat kasu daude, euretariko bat TAE Gernika. Ondorioz, elkarteari lagundu gura diote, eta lehiaketa aprobetxatuko dute produktuak saltzeko eta dirua batzeko. Gainera, horrela gaixotasunari ikusgarritasuna ematea ere bilatu dute, ikerketan algundu ahal izateko.
Parte hartzaileak:
– TAE Gernika
– Club TDK Barakaldo (Bizkaia)
– Club Gimnasio SEUL de Santander (Cantabria)
– Club YONG-GAM (Molins de Rei- Barcelona)
– Club ALIANZA Artes Marciales (Barcelona-Centro)
– Club T.A.M. BLANES (Blanes -Girona)
Aurreikusitako ordutegia:
08:30. Ateak zabaldu.
08:45. Pisaketa.
09:00. Lehiaketaren hasikera: formak taldeka, aurre-ezarritako burruka eta banakako formak.
13:00. GUPS kategorietako koloredun garrikodunen amaiera.
14:30. Garriko balzdunen lehiaketaren hasikera
17:00. Goimailakoen erakusketa nagusia.
