Mundakako aratusteetako pertsonaia errotuenei aitortza
'Mundakako Atorrak' plazaratu dute, Atorren eta mundakarren bilakabidea laburbiltzen duen liburuaz eta albumaz osatutako proiektua.
Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia. Mundakako Atorrak liburua aurkeztu dute gaur [urtarrilak 13], Aratusteetan bete-betean murgilduta, Mundakako udaletxean. Udalerriko folklorearen pertsonaiarik esanguratsuenetakoen inguruko historia eta kantutegia jorratzen duen obraren aurkezpen agerraldian egon dira Mundakako alkate Sorne Rubio, Mundakako Atorren Elkarteko lehendakari Gaizka Lozano eta Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatu Leixuri Arrizabalaga, baita elkarteko ordezkariak eta Mundakako kultur zein politika arloetako ordezkariak ere.
Liburuaz beraz gain, aipatutako kantutegia barnebiltzen duen hamabi abestiz osatutako albuma ere plazaratu dute; album horretako materiala aurretiaz grabaturiko beste hamalau kantuei gehituko zaie, “hogeita sei piezako kantutegia” osatzeko. Argitalpena behar kolektiboaren emaitza dela nabarmendu du alkateak, eta proiektuaren langaiaren esangura azpimarratu: “Atorrak mundakarren identitatearen funtsezko zatia dira, beren ondarearen eta nortasunaren osagaia. Proiektu hau, liburua eta albuma ez ezik, Atorrek herriari egindako ekarpen kulturalaren aitortza da, elkarteak hogei urteko ibilbidea bete duenean”.
Argitu dutenez, egitasmoa testigantzek, argazkiek eta abestiek osatzen dute. Leixurik argitu du aldundiarentzat, kultura materiala zaintzen duen heinean, “ez materiala ere jagotea oso garrantzitsua” dela: “Asko dago balioan jartzeko zein ospatzeko, eta sinesten dugu ondare hori dena babestu beharra dagoela”. Atorrez gain, Mundakako Laminen ohiturarentzako berbak ere eduki dituzte, hurrengo urtean mende erdiko ibilbidea egingo duena eta “egungo garaietara ondo moldatzearen eredu” dena: “Txalogarria da emakumeei dagokien presentzia aitortu eta eman izana”.
Herritarrei beraiena bueltatzeko.
Sustatzaileek elkarlanari erreparatu diote bereziki: alde batetik, aldundi, udal eta elkarteak bat egin dute, lanketarako; bestetik, herriko eragileen arteko saretzea oinarri hartuta ondu dute ekimena. Hori horrela, udalak eta aldundiak auzolanean bultzatu dute argitalpenaren lehen edizioa, “herritarrei arrazoizko prezioak [25 euro] eskaintzeko eta beraien artean errazago zabaltzeko”.
Lozanok inauterietan urtero-urtero bizitzen dena “paregabeak” direla: aurreko urtean bizitakoa kontatzen duen abestia sortzen dugu urtero, ohiturazko abestiez gain. Gure historia musikarekin erregistratzeko modua da, herriaren memoria kolektiboa bizirik mantentzeko”. Memoria horri eusteko, mundakar “askok eta askok” egin dituzte ekarpenak, testigantzak jasoz, pasadizoak kontatuz edota argazkiak emanez: “Atorren eta gure herriaren bilakaera eskutik doaz beti”.