Landatartasun handiena duten udalerrietara 5 milioi euro inbertituko ditu BFAk
Bizkaiko Foru Aldundiak 'Bizkaia Denontzat' estrategiaren barruan kokatzen den programa berri bat jarriko du abian. Horrekin, Bizkaiko 83 udalerritan —tartean Morga, Ereño, Arratzu eta Gautegiz Arteaga— 5 milioi euroko inbertsioa egingo du guztira.
Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia. Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Denontzat estrategiaren barruan kokatzen den programa berri bat jarriko du abian lurraldean landatartasun-maila handiena duen udalerrientzat. Besteren artean, Morga, Ereño, Arratzu eta Gautegiz Arteaga izango dira programaren onurak jasoko dituztenak. Hala, aipatutako horietan eta gainontzeko udalerrietan, guztira 5 milioi euroko inbertsioa egingo dela jakinarazi du aldundiak. Jarduketak landa-bideak hobetu eta mantentzearen helburuari eusten dio, bizilekua edozein izanda ere, “lurralde-kohesioa indartzeko eta aukera-berdintasuna bermatzeko” asmoz.
Nabarmendu dute programa horrek “zuzenean erantzuten” diela ahaldun nagusiarekin egindako eskubide-topaketetan udalerriek azaldutako eskaerei: “Topaketa horietan agerian geratu zen berariazko sostegua behar dela landa-azpiegiturak mantentzeak dakarren kostu handiari aurre egiteko, batez ere udalerri txikienetan eta biztanleria-dentsitate apalena dutenetan”.
Estrategiak lurraldea era orekatuan garatzeari eta landa-eremuei arreta berezia eman nahi diela esan dute, eta horretarako, Landa Ingurunearen Garapenaren Legean jasotako landatartasun mapa eta biztanleria-dentsitatea kontutan hartuko ditu laguntza horiek arautzeko dekretuak. Hala nola, aurreratu dute “guztira Bizkaiko 83 udalerriri” ekarriko diela onura programa honek; gehienez 60.000 euroko laguntza ezarriko ditu udalerri bakoitzeko.
Irizpideak.
Dirulaguntzak “irizpide objetiboaren arabera” banatuko direla azpimarratu du Bizkaiko Foru Aldundiak, eta horretan “landatartasun-maila eta biztanleria-dentsitatea” kontuan hartuko direla gaineratu du. Alegia, hurrengo irizpideak eman dituzte aditzera: “Arreta Bereziko Egoeretan dauden udalerriek %75erainoko dirulaguntza jasoko dute. Entitate guztiak landa-izaerakoak dituzten udalerriek eta 150 biztanle/km² baino gutxiagoko dentsitatea dutenen, berriz, %65eko dirulaguntza. Dentsitatea 150-300 biztanle/km²-koa duten udalerriek, ostera, %55eko dirulaguntza jasoko dute; eta azkenik, dentsitatea 300-450 biztanle/km²-koa dutenek %50ekoa”.
Gauzak horrela, dekretu arautzailea aurtengo udaberrirako argitaratzea aurreikusten du aldundiak, eta esan dute 2027ko apirilera arteko epea ezarriko dela laguntza horiek justifikatzeko.