69.773 lagunek bisitatu dute Bakearen Museoa 2025ean, inoiz baino gehiagok
2024an baino %4,6 bisitari gehiago jaso ditu 2025ean Gernika-Lumoko Bakearen Museoak, gehienak Europako herrialdeetatik gerturatutakoak. Aurtengorako aldi baterako hiru erakusketa prestatu dituzte, eta 36ko gerrari buruzko azterketa egiten jarraituko dute museoaren Dokumentazio Zentroan.
Gernika-Lumoko Bakearen Museoak 69.773 lagun hartu zituen iaz, 2024an baino %4,6 gehiago, eta urte betean jasotako bisita errekorra hautsi zuen.
7.353 bisitari Bizkai, Araba eta Gipuzkoatik gerturatu ziren, eta 17.491 izan ziren Espainiar estatutik hurbildutakoak. Bestalde, 36.856 bisitari Europako herrialde desberdinetatik etorri ziren, gehienak frantziarrak. Aldiz, Ametikatik hurbildutako 6.455 pertsona erregistratu zituzten museoko ordezkariek, eta 1.618 izan ziren beste kontinente batzuetakoak.
Horiek guztiek banaka edo taldeka bisitatu zuten Bakearen Museoa; zehatz esateko, 44.608 izan ziren museoa banaka bisitatu zutenak, eta 25.165 lagunek 1.453 taldetan banatuta ikusi zuten. Era berean, museoko ordezkariek udalerria igarotzen duten ibilbide gidatuak ere eskaini zituzten iaz, eta 118 talde baino gehiagok adi-adi jarraitu zituzten horien azalpenak. Bestalde, 195 bisita gidatu zuzendu zituzten museoaren baitan.
Urtea amaitu zenetik, urtarrilean museoko instalazioak itxita egon dira, mantentze eta hobetze lanak egiteko (barne seinaleak, ingelesezko eta frantseseko testuak…), baina dagoeneko zabaldu dute museoa, eta aurtengo programazioa aurkeztu dute. Horrek, museoaren ohiko hedapen, ikerketa eta hezkuntza lan etengabea jasotzen du, Bakearen Museoa baita Gernikan gerra garaian gertatutakoaren historia, memoria eta bakearen kultura jorratzen duen bakarra.
Aldi baterako hiru erakusketa.
Lan horretan, hiru izango dira Bakearen Museoan aurten ikusgai egongo diren aldi baterako erakusketak: Orratz Begia, Desmemoriaren bidezidorra eta Fosil gida: Gerra Zibilaren Arkeologia. Orratz Begia, gerrako haurrei buruzkoa, otsailaren erdialdera arte Bakearen Museoan eta Euskal Herria museoan egongo da, banatuta, baina maiatzaren erdialdera arte luzatuko du egonaldia Bakearen Museoan bakarrik. Orduan, museoak EHUrekin MemoriArtean programaren baitan egindako elkarlanetik jaio den Veronica Domingo Alonsoren Desmemoriaren bidezidorra erakusketak hartuko dio lekukoa lehen erakusketa horri. Eta, irailetik 2027ko otsailera bitartean, Josu Santamarinak eta Ander Gondrak zuzendutako eta 36ko Gerrako hondakin materialen gaia jorratzen duen Fosil gida: Gerra Zibilaren Arkeologia erakusketak beteko du museoa.
Erakusketez gain, museoak badu 36ko gerrari buruzko azterketa egiten duen Dokumentazio Zentroa, eta aurten zentroko kideak Alemaniako eta Bretainiako artxiboetan aritukod ira lanean, besteak beste, Gobernu zentralaren Memoria Demokratikotik jasotako diru laguntzari esker. Era berean, bi erakusketa bibliografiko prestatuko dituzte, zentroaren dokumentu funts aberatsa bisitariei hurbiltzeko: Educacion y Guerra Civil (otsaila-ekaina) eta Arqueologia de la guerra civil (iraila-abendua).
Museoaren hezkuntza sailak, familia topaketak antolatzen jarraituko du urteko bost domekatan: talde eta ikasleentzako tailerrak, haurrentzako udalekuak, memoria pista joko berria edota ekitaldi bereziak antolatuko ditu urteurren edo egun berezietan. Eta, gehitu dute, irisgarritasun unibertsalari bultzada berri bat emango diotela museoan, Gertu Kultura programaren bidez.
Horiek ez dira hezkuntzaz arduratzen den sailak egingo dituen ekintza bakarrak; izan ere, urriaren hasieran, Sound in the Silence izeneko hezkuntza programa garatuko du, Europako gazteei zuzendutakoa, Poloniako ENRS (European Network of Remembrance and Solidarity) sarearekin lankidetzan.
Ekintza horiez aparte, museoak, hirugarrenez, Turismoari eta memoria lekuei buruzko nazioarteko mintegia antolatuko du, Aragoiko EUROM Europako Memorien Behatorkiarekin lankidetzan. Eta, era berean, museoko arloetako arduradunek duela bi hamarkada baino gehiago parte hartzen duten Europako eta nazioarteko sareetan parte hartzen jarraituko dute.