2.505.850 euroko aurrekontua onartu du Muxikako Udalak, inbertsio estrategikoak ardatz
2.505.850 euroko aurrekontua onartu du Muxikako Udalak. 619.015 euro bideratuko dituzte "inbertsio errealetara", tartean Galtzadako inguruan umeentzako jolasgunea egitera.
2.505.850 euroko inoizko aurrekonturik altuena onartu du Muxikako Udalak, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Agintaldiko helburuak bete eta Muxika, Ibarruri eta Gorozikaren etorkizunerako proiektu estrategikoak martxan jartzea ahalbidetuko duen diru saila dela diote udal ordezkariek, “inor atzean utziko ez duena”.
Hala, 619.015 euro bideratuko dituzte inbertsio errealetara, eta inbertsioen artean, lehentasunezko proiektuetako bat etxebizitza publikoa sustatzeko lurrak erostearena da. Ondorioz, aurtengo aurrekontutik 94.000 euro bideratuko dituzte Ugarte auzoan dagoen lursail bat erostera, bertan etxebizitza publikoak sustatzeko. Zehaztu dutenez, lursail horren prezioa ez da 94.000 eurokoa bakarrik, baina hortik gorakoak gerakinetik hartuko dituztela zehaztu dute.
Beste 95.000 euro Gorozikako abadetxea erosteko aurrikusi dituzte. Gaur egun eraikina Elizbarrutiaren jabetzekoa da: beheko solairua auzoko elkarteak erabiltzen du txoko gisa, alokairuan, eta goiko solairuak hutsik daude, egoera txarrean. Udalaren asmoa da eraikina erostea, gero berritzeko. Hala, ebeheko solairua doan laga ahal izango dio auzoko elkarteari, eta goiko bi solairuen erabilera Gorozikako herritarrek erabakiko dutela gehitu dute, parte hartze saio baten bidez. Beraz, aurten eraikina erostea eta parte hartze saioa egitea aurreikusi dute, eta hurrengo urtetik aurrera proiektua idazten joatea.
Mugikortasunari erreparatuta, Astelarrako bide berdeari jarraipena eman gura dio Muxikako Udalak; gaur egun, Astelarratik Kurtzerora arteko zatia eginda dago, eta hurrengo fasean Kurtzerotik Amonaga auzora artekoa egitea aurreikusi dute, horretarako 50.000 euroko diru saila bideratu baitute. “Helburua da Amonaga auzoa Kurtzerogaz lotzea, gaur egun bide hori oso arriskutsua baita”, diote udal ordezkariek. Hala, proiektuak errekaren beste aldeko ibilbidea egitea aurreikusten du, errepidetik kanpo, Burnigai eta Arruti enpresen atzetik tren geltokira ailegatzeko. Bideak argiteria izango duela ere esan dute.
Eta, azken urteetan basogintza jarduera handia izan dela eta, 60.000 euro aurreikusi dituzte baso bideak konpontzeko.
Galtzadako plaza eta jolasgunea.
Inbertsiorik ikusgarriena Galtzadako aparkalekuaren inguruan egin gura duten plaza eta umeentzako jolasgunea izango da. Aparkalekuaren zati bat kendu, eta plaza funtzioa izango duen espazio bat sortzea aurreikusi dute. “Proposamena parte hartze saio batean jaso genuen, herritarrek aparkalekua gutxitan betetzen zela eta umeekin egoteko espazio baten beharra zegoela adierazi baitzuten”, gogoratu dute udal ordezkariek.
Proiektuak plaza estalia egitea aurreikusten du, baina inbertsio handia denez, bi fasetan egitea aurreikusi dute: aurten urbanizazioa, gune berdea eta jolaslekua egingo dira, eta estalkirako zutabeen oinarriak prestatuko dira; datorren urteko aurrekontuan sartuko da estalkia. Eta, lehen fase honetarako 200.000 euro bideratuko dira.
Bestalde, dagoeneko martxan dagoen Ariatza eskolaren berritzeagaz jarraitzea ere aurreikusi dute Muxikako Udalekoek: 90.000 erabiliko dituzte bigarren faserako. Izan ere, iaz, eraikina erabat berritu zuten: teilatu berria egin, eguzki plakak jarri eta barrualdea itxuraldatu zuten. Orain, kanpoaldea txukundu gura dute.
“Eskolaren atzealdean dagoen berdegunea udalaren jabetzakoa da, eta baserri baten hondakinak daude. Horiek kenduko dira, baina bertan dagoen labe historikoa kontserbatu eta berrituko dugu: teilatu berria egingo diogu, hormak sendotu eta barrutik berritu”, esan dute. Izan ere, labe horri balioan jarri gura dute, esanahi sinboliko handia baitu Ariatzan. Santa jurtze jaietan, Saragiaren enterruaren aurretik, bezperada egunean, makailao jana egiten dute bertan nagusiek. Gainera, udal ordezkariek gehitu dute ingurua urbanizatu egin nahi dutela, berdegune bat sortuz, argiteria publikoarekin, eta umeentzako jolasleku txiki bat jarri ere.
Inbertsio horiez gain, aurreikusi dute beste 10.000 euro erabiltzea Astelarrako eskola zaharraren eraikina mediku kontsulta bihurtzeko eta San Romaneko sarrera berrantolatzeko proiektua erredaktatzeko. Proiektu horiek egiteko lehen pausoa proiektua bera idaztea da, eta horretarako izango da bildutako diru saila. “Inamako sarrera zenak sarrera eta irteera egokiak ditu, ibilgailuek itxaroteko espazioa baitute bertan. San Romanerantz abiatzeko sarrera, aldiz, ez da bat ere ona. Ondorioz, Inamako sarrera horretatik bideratu nahi dugu San Romanera igotzeko ibilgailuen joan-etorria, segurtasun handiagoa duelako”, azaldu dute udal ordezkariek.
Udalerriko plan energetiko eraginkorra gauzatzeko beste 10.000 euroko diru saila gorde dute. Helburu dute udalerriko kontsumoa aztertzea, beharrak identifikatzea, kontsumoa murrizteko neurriak aztertzea eta autokontsumorako aukeren berri izatea. Izan ere, hiru instalazio fotovoltaiko dituzte: Kurtzeroko eta Gorozikako frontoietan bana, eta Ariatzeko eskolan hirugarrena. “Instalazioak amaituta badaude ere, oraindik ez dira martxan jarri. Eta planak aukera emango du jakiteko Muxikan, Ibarrurin eta Gorozikan zenbat elektrizitate gastatzen dugun eta zer egin dezakegun hori jaisteko eta jasangarriagoak izateko”, gehitu dute.
Jarduera soziokulturalak.
Inbertsioez gain, aurrekontuan jasota daude, baita ere, jarduera soziokulturaletara eta euskara sustatzera bideratutako proiektu eta ekintzak. Zehatz esateko, 206.000 euro aurreikusi dituzte horretarako. Hala, herriko kultur eskaintza eta jaiak antolatzeko 80.000 euroko diru saila gorde dute, udalekuetarako 32.000 eurokoa, nekazal azokarako 10.000 eurokoa, nagusien ekintzetarako 1.500 eurokoa eta kirol jardueretarako 6.000 eurokoa. Baina, kirol ikastaroetara 50.000 euro zuzenduko dituzte, eta gazteria arlora, 15.000 euro.
Euskara babestea eta sustatzea ere bada udalaren ardura, eta 11.500 euroko diru saila aurreikusi dute horretarako.
Beste gastu batzuen artean, kiroldegiko gastua aurreikusi dute, 69.500 eurokoa dena; izan ere, kiroldegiaren mantenurako, garbiketarako, makinariaren konponketa eta alokairurako edota monitoreari ordaintzeko diru saila behar da.
Auzo bideen konponketa lanak ez dituzte inbertsioetan sartu, urtero-urtero diru sail bat gordetzen baitute horretarako; aurten, 50.000 eurokoa da hori. “Udalerri zabala da, kilometro asko dituena, eta urtero gune edo auzo desberdinetan konponketak egitea aurreikusten dugu”, azaldu dute. Udalerri zabala denez, zabor bilketen kudeaketarako gorde beharreko diru kantitatea handia da: 170.000 euro.
Eta, horri jarraiki, auzo taxi zerbitzua ere badute udalerrian, eta 11.995 euroko diru saila behar da horretarako. “Helburua da jende nagusiari eta ikasleei udalerri barruan mugitzeko edo astean behin Gernikara joateko zerbitzua ematea. Urrun dauden auzoetan bizi den jende nagusiak edo ikasleak hartzen dute auzo taxia, geltokira joateko”, gehitu dute.
Bestalde, Urretxindorra eskolaren mantenu eta konponketetarako 18.000 euro ere aurreikusi dituzte, eta gizarte zerbitzuetara 67.925,85 bideratuko dituzte, iaz baino %5 gehiago. Halaber, entitateak ere diruz laguntzen ditu Muxikako Udalak: Hitza, BaSOS, Bizkaiko Bertsozale Elkartea, Ikastolen Elkartea…
Beraz, proiektuak martxan jartzera begirakoa da udal aurrekontua, etxebiziza, mugikortasuna eta jasangarritasunari dagokionean. Eta, udal ordezkarien berbetan, aurrekontu honekin agintaldirako aurreikusitako programa osoa bete dute.