Umore beltza, traje batean sartuta
Traje baten inguruan sortzen diren harreman pertsonalak hizpide dituen antzezlana eskainiko dute bihar, Lizeoan: ‘Trajea’.
Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza dira obrako protagonistak. Txalo konpainia Umore beltza eta drama uztartzen dituen Txalo Produkzioak-en Trajea antzezlana eskainiko dute bihar, 19:00etan, Lizeo Antzokian.
Juan Cavestanyk idatzitako eta Begoña Bilbao Lejarzegik zuzendutako obra horrek gizarte garaikideko kontraesanak eta pertsonen arteko harremanak ditu abiapuntu. Izan ere, antzezlanak eguneroko egoera bat dauka oinarri: traje baten inguruan sortzen diren gatazkak eta harreman pertsonalak ditu hizpide, «itxuraren, boterearen eta identitatearen inguruko gogoeta bultzatuz».
Hain zuzen ere, Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza dira ekoizpen «arin, korapilatsu, itogarri eta barregarri» horren aktore protagonistak, eta testu zorrotzagaz eta ironikoagaz baliatuta, ikusleak gogoetara bultzatuko dituzte.
Merkealdietako lehen egunean hasten da trama, saltoki handi batzuetan, non istripu batek kaosa sortzen duen. Eta, ondorioz, segurtasun zaindaria traje bat erostera joan den enpresaburu bati galdekatzen hasten zaio, gertakariekin zerikusia izan duelakoan.