"Asebetetze pertsonala bilatzen dugu, arrakasta popularraren gainetik"
Tartean izandako aldaketak ardatz, orain arteko momenturik hoberenean dago Sueder talde gernika-lumotarra, han eta hemen ‘Udako Aferak’ diskoaz gozatuz eta gozaraziz. Taldekideek esan bezala, diskoa «aurrerapauso bat» izan da eurentzat, berak daukan heldutasun mailagatik.
Argazkia: Sueder. Gernika-Lumotik dator Sueder, 2012az geroztik, alaitasunez eta estilo propioz lan egiten duen pop-rock taldea. Bost lagunek osatzen dute proiektua: Unai Aldekozea eta Xabi Larrainzar gitarretan, Ager Alzola baterian, Josu Mendiola baxuan eta Ander Uribarri ahotsean. Azaroan kaleratu zuten Udako Aferak diskoa, eta horren bira ere hasi berri dute. Besteak beste, Gernika-Lumon eta Munitibarren arituko direla aurreratu dute.
Zer topatuko dute entzuleek Udako Aferak diskoan?
Alaitasuna, gehienbat. Egia da denetariko abestiez osatzen dela diskoa, eta denetariko tonuak dituztela abesti horiek, baina guk disko alai gisa hartzen dugu. Izenak ere alaitasun horrekin bat egiten duela uste dugu, gainera: Udako Aferak. Udak normalean kutsu positiboa izan ohi du, eta gure diskoak ere horrekin bat egiten du.
Diskoaren azalak alaitasun hori irudikatzen du, hortaz.
Bai, diskoaren ideiagaz batera doa azala. Anderri bururatu zitzaion Elantxobe toki egokia izan litekeela kontatu nahi genuena irudi bidez islatzeko eta diskoari lotutako hari horrekin jarraitzeko.
Zelakoa izan zen horren grabazio prozesua?
Luzea. Hasieran ez genekien zelako diskoa nahi genuen, baina oso argi geneukan diskoarekin nora heldu nahi genuen, eta mimo handiz egin dugu hala sormen, nola grabazio prozesu guztia. Gainera, bitartean estudio aldaketa bat ere izan genuen: Fruizko Gaua estudioan hasi ginen maiatza aldera, baina Deustuko El Tigre estudioan eman genion amaiera grabaketari, uda bukaera sasoian-edo, heldu nahi genuen puntura heltzea lortuz.
Diskoak garapen lineal bat jarraitzen du abestiz abesti?
Bai eta ez. Abesti bakoitza bere aitarena eta amarena dela esango genuke. Badago hari bat guztiak batzen dituena, baina orokorrean, nahi duguna egitea gustatzen zaigu, eta diskoa horren erakusle argia da. Hari bat izan arren, gora-behera handiak dituen abestiak ere badaude. Esan bezala, Suederren nahi duguna egiteko espazioa dugu, eta guztiok dugu oso argi hori. Talde bat izanik, abesti bakoitzean, bakoitzak bere ideiak ematen ditu, eta bakoitzak bere erreferente musikalak ere baditu: beraz, zaila da abesti guztiek antzekotasun bat izatea. Egia da, Suederren ez dela ‘nik ideia hau izan dut, eta beraz horrela geratzen da’. Suederren milaka buelta ematen dizkiegu abestiei, aldaera desberdinak bilatu eta denen ekarpenak jaso. Ez gara edozerekin konformatzen.
Zuen hirugarren diskoa da.
Eta esanguratsuena. Udako Aferak aurrerapauso handia izan da guretzat: disko honek zerbait badu, heldutasun maila handia da. Gure disko hoberena da, zalantzarik barik.
2012an ekin zenioten bideari. Ordutik aldaketarik izan al ditu taldeak?
Aldaketak? Etengabeko aldaketa bat izan da Sueder, kar kar kar. Gorabehera asko izan ditugu; taldekide arteko aldaketa ugari, batik bat. Gaur egun, baina, esan dezakegu gure momenturik hoberenean gaudela; gure momenturik hoberenean, eta orain arteko disko hoberenaz gozatzen.
Urrun joan gabe, iragan zapatuan etxetik hurbil jo zenuten, MusikagazFest! jaialdian.
Hala da, Zornotzan izan ginen, eta eguraldia alde batera utzita, ondo joan zen. Beldurra geneukan azken orduan bertan behera geldituko zela esateko deituko ote ziguten, ze, egun guztian ez zen euria gelditu. Baina, zorionez, kontzertuaren momentuan ateri egon zen. Oraindik bira hau hasi baino ez dugu egin: Baionan izan ginen urte hasieran eta zapatuan, Zornotzan. Egia da zuzenekoak geroz eta hobeto doazela, gu geu ere erosoago sentitzen baikara oholtzetan. Gainera, gure familia eta lagunen babesa eta beroa sentitzen dugu kontzertuz kontzertu, eta horrekin oso eskertuta gaude. Urteekin konturatu gara norainoko garrantzia daukan ingurukoen babes horrek. Asebetetze pertsonala bilatzen dugu, arrakasta popularraren gainetik.
Bira hasi berri duzuela esan duzue. Hurrengo datarik aurreratzerik?
Besteak beste, martxoaren 7an etxean arituko gara, Gernika-Lumoko Iparragirre Rock Elkartean, Mungiako Sua taldeagaz batera. Hurrengoa, martxoaren 24an, Gasteizen izango da. Bilbotik ere arituko gara apiril bueltan, eta Munitibarren ere bai, maiatzean. Epe laburrean, horiek dira aurreikusi ditugun kontzertuak. Hala ere, gure sare sozialetan (@sueder_taldea) joango gara data gehiago zehazten.
Eta ikuspegia zabalduz, zelan ikusten duzue euskal musikaren egungo egoera?
Galdera potoloa da hori. Asko hausnartzen dugu horren inguruan gure artean. Ez dago erraz egungo egoera, batez ere, talde txikientzat. Nahiz eta aukerak ematen diren, taldeak izen ezagun bat izan ezean, zaila da jendea kontzertuetara hurbiltzea, eta horrek, azken finean, talde txikiak txiki gelditzen diren zirkulu bat sortzen du. Horregatik ematen diogu lehenago aipatu dugun asebetetze pertsonalari hainbesterako garrantzia. Horrez gain, espazio txikiak lortzea ez da erraza; geroz eta gaztetxe gutxiago gelditzen dira, eta hori mugitzea ez da lan erraza. Oso modan jarri dira, gainera, BECeko edo San Mameseko kontzertuak, eta horrek, zuzenki ez bada ere, bestelako espazioetako kontzertuen aukerak gutxitzen ditu. Guri, adibidez, kontzertuak lortzea asko kostatzen zaigu. Baina tira, gure bidearekin jarraituko dugu, gozatuz eta ingurukoei gozaraziz. Hori argi daukagu.