Sarea ehuntzen, publikoa indartzen
Bederatzi herri. Hamahiru guraso elkarte. Hogeitabost eskola. Horiek guztiek osatzen dute ‘Danon Eskola Publikoa’ sarea. Guraso elkarteek egindako lanari esker garatu den proiektua da, eta "hezkuntza publikoa indartu" nahi du.
Ilusioa da hitza. Busturialdeko eta Zornotzako eskola publikoak “ilusioz eta gogotsu” daude. Gogotsu, eta indartsu. Izan ere, Bermeotik Zornotzara bitarteko bederatzi herrietako guraso elkarteek mugarri bat ezarri dute eskualdeko hezkuntza-komunitatearen historian: sarea ehuntzen jarraitu nahi dute, eta horretarako indarrak batu dituzte; Danon Eskola Publikoa sarea sortu dute.
Zapatuan aurkeztu zuten publikoki sarea, baina proiektuaren hastapeneko lanak arinagotik datoz. Hain zuzen ere, guraso elkarteak arinagotik dabiltza lanean, ze, eurak dira sortu berri duten sarearen aterki. Eurak dira Danon Eskola Publikoa sarearen motor. Guraso elkarteen arteko kidetasunetik jaio da sarea, “guztiona den hori zaintzeko eta indartzeko” helburuari eutsiz.
Hala nola, “berebiziko” ikusten dute sarea sortzea, eta era berean, guraso elkarte guztien lana goraipatu dute: “Guraso elkarteak dituzten eskola eta zentroak batu dira, eta guraso elkarte bakoitzak dituen baliabideak bide berdinerantz bideratzea da euren asmoa, hezkuntza
publikoa indartzeko bidean. Euren borondatetik, ilusiotik eta konpromiso solidariotik jaio da hau”.
Esan dute Eskola Publikoa gizartearen etorkizuna bermatzeko dugun zutabe nagusia dela. Eta, “danona eta danontzako” delako dela berezia: hortik dator Danon Eskola Publikoa leloa. “Mugarik jartzen ez duen gunea da, ateak edonori zabaltzen dizkiona, jatorria, diru sarrerak edo sinesmenak kontuan hartu gabe. Inor kanpoan uzten ez duen etxe komuna denez, herritar aske eta berdinak hezteko berme bakarra bihurtzen da”, argitu dute.
Jakin badakite “gizarte hobe bat osatzeko dugun erremintarik indartsuena” dela, ikasgeletan “mundu errealaren aniztasuna” islatzen duelako: “Bertan ikasten dute gure haurrek eta gazteek elkarbizitza zer den, desberdintasunetik abiatuta, zubiak eraikitzen eta enpatia eguneroko tresna gisa erabiltzen. Segregazioaren aurkako harresirik onena da; izan ere, ikasle guztiak mahai beraren inguruan esertzen direnean, gizarte kohesionatuago, bidezkoago eta solidarioago bat ehuntzen ari gara”. Horregatik, eskola publikoa babestea “etorkizun komuna babestea” dela sinetsiz, “danon artean eta danon onurarako” eraikitako proiektua dela aldarrikatu dute.
Bederatzi herrik osatzen dute sarea: Bermeok, Mundakak, Busturiak, Gernika-Lumok, Gautegiz Arteagak, Natxituak, Muxikak, Arratzuk eta Zornotzak. Datuak argiak direla azpimarratu dute Danon Eskola Publikoa saretik: “5.000 ikasle, 4.000 familia eta 700 irakasle baino gehiago gaude saretuta, eta hori giza-indar kolektiboaren isla da. Ekimenaren garrantzi sozialarena”.
“Danok saretzen gaituen marka propio bat sortzea da honen helburua, azken finean. Eta hori, sarea osatzen dugun 25 eskolen txostenetan, karteletan eta bidalitako mezuetan agertzea”, gaineratu dute. Ekimenean parte hartzen duten herrietako jaietan edo azoketan ere presentzia izan nahi dute, sortutako marka hori indartzeko, eta bide batez, eskola publikoaren garrantzia berresteko eta bultzatzeko: “Herri txiki eta handiez baliatu gura dugu. Urriko Azken Asteleheneko azoka edota Arrain Azoka bezalako azoka ezagunek aukera handiak ematen dituzte, baina herri txikietan ere badago zer lortu, eta hortik tiraka sortu nahi dugu publikoaren alde saretzen gaituen marka”.
Azoka horietan triptikoak, sudaderak, kamisetak, eta abar saltzen arituko direla esan dute, “eurena dena eta guztiona dena” ahalik eta gehien zabaltzea lortu asmoz. Halaber, horrelako ekimenetan biltzen den diru guztia “irabazi asmorik gabekoa” izango dela gogoratu, eta saretutako eskoletara bideratuko dela gehitu dute: “Eskola bakoitza indibidualak gara, baina denok gara danon eskola publikoa”.
Horren harira, eskola publikoez eta horietan egunez egun egiten den lanaz “harro” agertu dira sarekideak. Harro, ze, jakin badakite eskola publikoa ez dela aukera soil bat, “gizartearekiko konpromiso bat” baizik. Aniztasunari erantzuteko modu bat.
Kezkatuta ere badaude, bestalde: “Ikusten da geroz eta eskola publiko gehiago batzen edota zarratzen ari direla, eta gauzak aldatu ezean, hori da ikusten dugun etorkizuna”. Eta, hori ekidin nahi dute; hezkuntza publikoaren aldeko apustua egin, jendeari horren garrantzia ikusarazi, eta hezkuntza publikoa nolabait biziberritu. Edo, behintzat, saiatu. Hori baita askotan, garrantzitsuena. Saiatzea.