Makilen hotsez, lurrari esnatzeko eskaria eginez
Santa Ageda bezperaz, Busturialdeko kale zein auzoak makila hotsen eta herritarren ahotsen testigu izan dira, han-hemen oles errondak egin baitituzte. Hainbat tokitan, asteburuan ere egingo dituzte.
Ver esta publicación en Instagram
Kandelario eta Blas Deunaren jaiak bete-betean ospatzen ibili dira Busturialdeko herritarrak azken egunotan, baina, orain, Santa Ageda jaiek hartu dute lekukoa. Atzo, Santa Ageda bezperaz, hainbat eta hainbat izan ziren makilak eskutan kaleratu zirenak, herri zein auzoetan oles errondak egiteko; datozen egunetan ere, oles kantuek jarraipena izango dute eskualdeen luze-zabalean.
Bermeon, Musika Eskolatik Sancti Spiritus adinekoen egoitzara bidea egin zuten kantariek, eta handik kalez kale abiatu ziren; udal ordezkaritzak bat egin zuen Erroxape Abesbatzagaz eta Arrekatxutxa taldeagaz. Mundakan ere, eskolako haurrek herriko egoitzak kantuz girotu zituzten. Arteagarrek egun osoko erronda egin zuten, 09:00retatik 22:00ak bitarte.
Muxikan, Santa Agedako koplei erlijiotik aldendutako eta “lurraren oinarrizko ohituragaz errotutako” berbak jarri dizkie koplei Asier Galarza Garai herriko bertsolariak, eta Urretxindorra herri eskolako umeek horiexek abestu zituzten.
Ajangiztarrek sektore bitan banatuko dute kantua, zapatuan, eta Adouna elkarteari laguntzeko baliatuko dituzte errondak: goizez, Kanpantxun ariko dira; arratsaldez, Mendietan. Arratzun, ostera, lau elkarterentzako izango da santa eskean bilduko duten hobaria: COFFIN Siris sindromearen elkarterako, minbiziaren aurkako elkarterako, P.K.U. elkarterako eta Eritasun Neuromuskularraren elkarterako.