Goizalde Gezuragak irabazi du urtarrileko Ezetz Jakin
Euskara sustatzea helburu daukan Ezetz Jakin lehiaketan 107 lagunek parte hartu dute urtarrilean, eta, horien artean Goizalde Gezuragak jaso du saria. Dagoeneko martxan dago otsaileko galdetegia.
Euskara sustatzea helburu daukan Gernika-Lumoko Berbalagunen Ezetz Jakin lehiaketak beste sari bat banatu berri du: urtarrileko saria, Goizalde Gezuragarentzat izan da. Hilabete horretan 107 lagunek erantzun zituzten lehiaketako galderak, eta Garciak jaso du Next Stop Burgerren bi lagunentzako asteburuko otordua egiteko oparia.
Bestalde, zozketa bidez banatzen duten saria Alfonso Pinedarentzat izan da, eta herriko establezimenduetan hurrengo bi hilanbeteetan gastatzeko 20 euroko bonoa eskuratu du
Berbalagunetik urtarrileko lehiaketaren “balorazio positiboa” egin dute, ia 110 pertsonak parte hartu dutelako 15 galderak erantzuteko lehian, izan online bidez, izan paperean.
Hala, herritarren parte hartzea eskertu eta otsaileko lehiaketa ere martxan dagoela gogorarazi dute. Hilaren 26ra arte egongo da parte hartzeko epea, paperean zein digitalean; digitalean, hurrengo estekan. Otsaileko irabazleak Anaiak jatetxean bi lagunentzako otordu bat eskuratuko du.
Bi hitzordu.
Euskara praktikatzeko pare bat hitzordu ere zehaztu ditu Gernika-Lumoko Berbalagunek datorren martitzenerako: batetik, irrintzi ikastaroa; bestetik, Mintzodromoa.
Mintzodromoa euskararen eguneroko erabilera sustatzea bilatzen duen elkar eragiteko espazioa da, berbalagunak euskaraz aritzea bultzatzeaz aparte, beraien arteko saretzea bilatzen duena; hau da, parte hartzaileen arteko ezagutza eta zubi lana bultzatzea du helburu. Hala, martitzenean, 10:00etatik 11:30era bitartean bilduko dira parte hartzaileak Astran, talde txikietan, gai jakin batzuei buruz euskaraz hitz egiteko.
Bestalde, irrintzi ikastaroan bilduko dira 18:30etik 20:30era, Amaia Garciagaz, Pasealekuako frontoiko aretoan.
Herritarrei saioetara bertaratzeko deia egin diete, baina horretarako 600 48 20 10 telefonora Whatsapp bat bidalita izena emateko eskatu dute.