Emakumeen lana ikusezin bihurtzen duten gizarte ohiturak eraldatzeko proposamena
Zientzietan, arteetan eta letretan erreferente diren 26 emakume biltzen ditu Jakiundek egin duen eta Gernika-Lumoko Domingo Alegria plazan ikusgai dagoen erakusketak: 'Emakumeak zientzia, arte eta letretan'. Emakumeen lanaren ikusezintasun historikoari aurre egitea bilatzen du otsailaren 16ra arte ikusgai dagoen bildumak.
Ana Zubiaga Elordieta, Maria Teresa Telleria Jorge, Mariasun Landa, Maria Iraburu Elizalde, Aran Garcia-Lekue, Begoña Garcia Zapirain, Esther Ferrer, Lourdes Basabe-Desmonts, Maria Bayo, Naroa Ibarretxe Bilbao… Emakume asko eta asko izan dira, eta oraindik dira, gizartearen garapenerako funtsezkoak, eta horienak dira aipatutako izen horietako batzuk. Ezezagunak dira batzuentzat, ekarpen asko egindakoak, beste batzuentzat. Baina, horien guztien lana ikusezin bihurtzen duten gizarte ohiturak gainditzea bilatzen du Jakiundek —Zientzia, Arte eta Letren Akademiak— Gernika-Lumoko Domingo Alegria plazan jarri duen erakusketak: Emakumeak zientzia, arte eta letretan. Otsailaren 16 (astelehena) bitartean egongo da ikusgai.
Gizartean emakumeek bizitzako arlo guztietan duten presentzia ezagutu eta ikusaraztea bilatzen du erakusketak, 26 emakumeren lana balioan jarriz. 26 akademiko aurkezten ditu bildumak, ibilbide eta belaunaldi desberdinak irudikatzen dituztenak: ibilbide profesional luzea duten emakumeak, beren diziplinetan bikaintasuna lortu dutenak, eta zientzia, arte eta letren arloetan lan berritzailea eta punta-puntakoa egiten duten akademiko gazteagoak.

Izan ere, erakusketaren helburua da gizarteari errealitate hori erakustea eta etorkizuneko belaunaldiak inspiratzea. Hala, jakintzaren eta esperientziaren topalekua da bilduma, diziplina ezberdinetako aditu diren kideen talentua, konpromisoa eta hausnarketarako ahalmena gizartearen eskura jartzea duena. Izan ere, zientziak, arteak eta letrak lantzeko eta sustatzeko jarduerak antolatzen ditu Akademiak: “Jakintza eta zorroztasun zientifikoa gizartearen esku jarriz, eragile aktibo izan nahi du, egungo arazoei eta erronkei irtenbideak bilatzen lagunduz”.
Otsailaren 11a (eguaztena) Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta ekarri du Gernika-Lumoko Udalak erakusketa ibiltaria udalerrira. Izan ere, udaleko Gizarte Ekintza Sailak emakumeek ezagutzari egindako ekarpena ikusarazi gura du, “funtsezkoak baitira berdintasunezko gizarte baterantz aurrera egiteko”. Gainera, erakusketa herriko gazteentzat inspirazio iturri izatea ere nahi dute, “tradizioz maskulinizatutako diziplinetan erreferente femeninoak eskainiz”.

Erakusketa osatzen duten argazkiak eta bideoak Marina Palacio argazkilariak egin ditu, eta Jakiunderen 2022ko eta 2023ko egutegietan dute jatorria. Hala ere, horietako protagonistak ausaz aukeratu dira.