Goitia eta Lekerika, finalera
Alex Goitia eta Unai Lekerika Eusko Label Winter Series txapelketako finalera sailkatu ziren atzo Johan eta Gorka Sorozabal anaien aurkako finalaurrekoa 2-0ko markagailuagaz irabazteari esker. Barandika ebakuntza gelatik igaroko da etzi, eta finalaurrekoetako ligaxkako 3. aurrelaria arituko da finalean: Johan edo Urreisti. Finalerako sarrerak gaur (otsailak 3) 12:00etan jarriko dituzte salgai, Eramanen webgunean.
15-6 eta 15-8ko markagailuagaz sailkatu dira Alex Goitia eta Unai Lekerika Eusko Label Winter Series txapelketako finalera. 2 set eta hutseko markagailuagaz irabazi behar zuten Johan eta Gorka Sorozabal anaien aurkako neurketa atzo (otsailak 2) finalean egoteko, eta hala egin zuten. Lanak ondo egiteko asmoz eta oso kontzentratuta kantxaratu ziren, eta lanak ondo egin izanaren ondorioz, Jai Alai frontoian otsailaren 15ean lehiatuko duten final handian izango dira. Basqueren izango dute aurrez aurre; izan ere, Xabi Barandikak ebakuntza-gelatik igaro beharko du etzo, ukondoko lesioaren ondorioz, eta horrek ezinezko egiten du Gernikako aurrelariak finalean parte hartzea. Bere lekua txapelketako hurrengo aurrelaririk onenak hartuko du, sailkapeneko hirugarrenak: Johan Sorozabalek edo Eñaut Urreistik. Finalerako sarrera gutxiak gaur 12:00etan jarriko dira salgai.
Atzo, Sorozabal anaiek ezin izan zuten Goitia eta Lekerikaren erritmoa mantendu kantxan, eta agerian geratu zen zaila dela Daniaren denboraldia Winter Series bezalako maila goreneko txapelketa batekin uztartzea. Izan ere, herenegun gauean itzuli ziren biak AEBtik, eta frontoia, materiala eta koadroa nabarmen aldatzen dira handik Gernikakora. Horri bidaien nekea gehitu behar zaio (txapelketaren lehen fasean Euskal Herrian egon ziren) eta gainera, Gorkak saski berria estreinatu zuen atzo, horrek dakartzan zailtasun guztiekin.
Hala, lehen tantotik, Goitiak eta Lekerikak oso ondo bideratu zuten partida. Elkarrekin mantendu ziren kantxan, ondo kokatuta eta elkarrekin hitz eginda, elkar ondo ulertuta. Euren jokoaren zati bat “bote-lasterrean” oinarritu zuten, Sorozabal anaien erasoak neutralizatu eta erasora pasatzeko asmoz. Joko taktika hori mantentzeak emaitza ona ekarri zien, eta Markina-Xemeingo puntista eroso sentitu zen frontoiko lehen lerroetan, bere besoa arintasunez eta efizientziaz mugituz.
Goitiak pilota ezkutatu zuen bere ebakiekin tanto egiteko, bere txik-txakarekin Miarritzeko atzelaria lekuz kentzea lortu zuen, eta ikusleak liluratu zituen partidako tantorik onena izan zen eta zabalera bota zuen eskuinkadarekin. Sorozabal anaiek ez zuten tantoa egiteko tarterik aurkitzen lehenengo setean, eta erabaki okerrak hartzera behartu zituen partidaren zati handi batean.
Ondorioz, berdeak bost tantoko abantailarekin iritsi ziren lehen atsedenaldira (8-3) eta seteko bigarren zatian handitu egin dute abantaila: 15-6. Bigarren jokoan, hasierako 4-0ko markagailuak antzeko beste set bat iragartzen zuen, baina Sorozabal anaiak suspertu egin ziren, launa eta bosna berdintzea lortu arte. Tanto horietan Johanek bere kalitatea erakutsi zuen eskuinetik zabalera egindako errebotearekin, baina erreakzio horrek ez zuen jarraipenik izan, ze zortzina berdindu ondoren, hurrengo zazpi tantoak berdeentzat izan ziren: 15-8.
Hala, neurketa irabazi eta finalera sailkatzeagaz “oso pozik” agertu ziren bai Leke, bai Goitia. “Oso partida ona jokatu dugu, hasieratik neurketan sartuta egon gara. Joan den astean hori falta izan zitzaigun, lehen tantoetatik lehiatik kanpo geratu ginelako, eta gainetik pasatu ziguten. Gaur, ordea, argi geneukan topera atera behar genuela, eta, egia esan, oso gustura gaude egindako partidarekin”, adierazi zuen atzelariak. Ildo beretik hitz egin zuen Goitiak ere: “Hasieratik topera irten gara, eta partida biribila egin dugu. Oso gustura ibili gara. Kontzentratuta atera gara, aurreko neurketan egindako akatsak zuzentzea lortuz”.
Bikote bezala ere, ondo moldatu ziren, eta hori neurketa irabazteko “gakoetako bat” izan zela adierazi zuen Lekerikak: “Neurketa aurretik gure arteko komunikazioa hamarrekoa izan behar zela hitz egin genuen, eta hala izan da. Pilotakadek ere indar edo txinparta berezia izan dute, eta atzeko koadroetara ere erraz heltzen ginen. Gakoa hor egon dela uste dut”. Bigarren setean, gainera, Goitiak aginte makila hartu zuten, pilota biziari sua emanez, eta jokoan ondo sartuz: “Pilota berriarekin oso gustura aritu gara gaur; jokoan gehiago sartu gara, gehiago dominatu dugu, eta horregatik ere irabazi dugula uste dut”.
Finalari begira, bakoikor agertu ziren biak, euren jokoa eginez gero aukerak izango zituztela adieraziz, baina finalek beti izaten dutela euren “tentsioa” gogoratuta: “Finalek beti izaten dute euren xarma, tentsioa eta giro ederra, baina gure jokoa eginez gero, aukerak izango ditugu”.
Finalerako aurrelari postua, erabakitzeko.
Sorozabaltarrak Floridara itzuliko dira eta Johan otsailaren 15ean itzuliko litzateke finala jokatzea egokitzen bazaio. Baina, Urreisti da finala eskuetan daukan aurrelaria. Datorren astelehenean irabazilo balu, mutrikuarrak txapelketako hirugarren aurrelari onena bezala bukatuko luke txapelketa, eta Barandika ordezkatuko luke finalean. Hori bai, neurketa galduz gero, hirugarren postu hori Sorozabalena litzateke.