2.371.516,08 euroko udala aurrekontua onartu du Busturiak, iazkoa baino %8,35 handiagoa
Busturiko Udalak 332.093,06 euro bideratuko ditu inbertsio errealetara, segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko helburuagaz, eta Sakonetako espaloiaren iriste erraztasuna hobetzea izango da lehentasunetako bat.
2.371.516,08 euroko udal aurrekontua onartu du Busturiko Udalak, iazkoa baino %8,35 handiagoa, eta, esan dutenez, aurrekontu berriak “hobekuntza erreal eta kuantifikagarriak” ditu, eta herritarren eskariekiko sentikorra da, baita “plangintza ekonomiko arduratsua” ere. Hala, 332.093,06 euro inbertsio errealetara bideratuko dituzte, segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko helburuagaz.
Hori horrela, 215.000 euro Sakonetako espaloiaren iriste erraztasuna hobetzeko bideratuko dira. Izan ere, espaloian tentsio-erdiko zutoinak eta faroak daude, oinezkoentzako espazioa okupatzen dutenak eta eguneroko joan-etorria zailtzen dutenak, batez ere mugikortasun murriztua duten pertsonei edota haurren orgak eramaten dituzten familiei. “Sakonetako espaloia egokitzea funtsezko helburua da, eta inbertsio handia eskatzen du. Horretarako, aurten, beharrezkoa den diru saila erabil dezakegu, finantza kudeaketa onari eta diru laguntzei esker”, adierazi du Aitor Aretxaga Busturiko alkateak. Gogoratu du, esaterako, San Kristoban ingurua iaz urbanizatu zutela, eta orduko horrek 185.880 euroko inbertsioa suposatu zuela; horietatik 145.681 euri Jaurlaritzan eta aldundian lortutako diru laguntzekin jaso zituzten. Eta, Aretxagak dioenez, horrek dirua aurrezteko aukera eman dio Busturiari: “Horretarako kreditu aldaketa bat egin dugu eta, horregaz batera, gerakin garrantzitsu bat eta diru laguntza berriak kudeatu ditugu aurtengorako. Horri esker aurreikusi dugu Sakonetako espaloian lanak egitea, udalerriko eremu garrantzitsua delako”.
Aurrekontuak, halaber, proiektuak eta inbertsio gehiago islatzen ditu, “gobernu taldeak herritarrekiko duen herritarrekiko entzute aktibo eta hurbileko jarreraren” ondorioz. Hori dela eta, 67.614 euro erabiliko dituzte kaleak eta landa bideak asfaltatzeko, eta 6.138,16 euro izango dira farmazian automatizatutako ate berri bat jartzeko erabiliko dituztenak, lokala udalarena baita. Horrez gain, 10.076 euro aurreikusi dituzte herriko landa bideetan argiztapena hobetzera bideratzeko, eta 20.000 euro kalistenia parke bat jartzeko. Bestalde, 6.400 euro izango dira udal makinarian erabiliko dituztenak, eta, 6.000 euro, aldiz, uri altzarietarako eta seinaleztapenetarako aurreikusi dituztenak.
Aretxagak dio “entzutea, lehenestea eta betetea” dela euren leloa: “Bizilagunei egunero ematen zaien arretak eta horien beharrak kontuan hartzeak gidatzen dute gure udal kudeaketa. Busturiarren eskaerak entzutea da hausteskunde programa egiteko, agintaldiko programa zehazteko eta udaleko eguneroko lana bideratzeko oinarria. Hurbileko jarrera horiek jarduera bakoitza behar den legez aztertzea eta planifikatzea dakar”.
Udaleko hirigintza plangintza berriaren idazketa izapidetzen hastea ere jaso dute aurrekontuetan, 55.811 euroko ditu sailagaz. Udal gobernuko kideek plan horren lehen pausoak ematen hastea “pauso garrantzitsua” dela diote, Busturiko etorkizuneko garapena irizpide teknikoekin, segurtasun juridikoagaz eta epe luzeko ikuspegiagaz antolatzeko. “Udalaren ibilbide orri ekonomikoa planteatzerakoan, udalaren anbizioa arduratsua izatea da, zorroztasunez eta bermeekin planifikatutako egoera ekonomiko onbideratua finkatzea, baina baita aurrera pausoak ematea ere”, argitu du Aretxagak.
Gizarte kohesioaren aldeko apustu garbia eginez, 80.000 euro bideratuko dituzte Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatera, “gehien behr duten pertsonei arreta ematea lehentasuna” dela uste baitute. Ze, mankomunitatearen bidez, gizarte arretako oinarrizko zerbitzuak bermatzen dira, eta, hori egongo ez balitz, Busturia bezalako udal txikiek ezingo lukete kalitate eta eraginkortasun bereko zerbitzua eskaini. Hori lotuta, Behargintzara 7.000 euro bidaliko dituzte, lana, lan orientazioa, langabeei laguntzea eta tokiko ehun ekonomikoa babestea helburu hartuta.
Euskara zaintzea ere aurreikusi dute, eta Euskara Planerako 30.990 euroko diru saila gorde dute, euskararen aldeko baliabide eta politika aktiboak bultzatzatzeko, eta Uemara 7.873 euro bideratuko dituzte.
Euskal kultura sustatzeko eta herri gisa Busturiak daukan nortasuna indartzeko asmoz, 117.330 euro erabiliko dituzte jarduera soziokulturalak bultzatzeko eta jaietako jardueretarako: “Gure bizikidetza batzen eta aberasten duten tradizioak bultzatu nahi ditugu”. Ildo horretatik, balio demokratiko eta sozialak indartzen dituzten politikak babesten dituzte, eta 20.000 euro erabiliko dituzte berdintasunaren aldeko jardueretarako, eta beste 20.000 memoria historikoa lantzeko, “horiek oinarrizkoak baitira gizarte justuago eta kohesionatuago bat eraikitzeko”.
Hori horrela, aurtengo urterako aurrekontuak udalaren eguneroko funtzionamendua bermatzeaz gain, hainbat eremutan inbertsio garrantzitsuak egitea aurreikusten duela dio alkateak, aurreikusitako jarduerak irizpide argietan oinarritzen direla gehituta: “Iriste erraztasuna, segurtasuna, eraginkortasun energetikoa, azpiegituren hobekuntza, kultura eta euskara sustatzea, eta gizarte kohesioa indartzea, betiere zorroztasunetik, plangintzatik eta erantzukizunetik abiatuta”.