Foru Barriaren V. mendeurrena omendu dute

500. urtemuga gogoratzeko ekimenean Elixabete Etxanobek, Ana Otaduik eta Gregorio Monrealek parte hartu dute.

Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia.

Batzarretxea memoriagune bihurtu dute gaurkoan [urtarrilak 16]: Bizkaiko Lurralde Historikoaren Foru Barriaren bost mendeko ibilbidea ospatzeko bildu dira ordezkari politikoak. Ekimenaren funts nagusia foru erakundeen historiari “dagokion balioa” ematea izan da, baita herritarrei aipatutako foruak daukan “esanahia hurbiltzekoa eta bere arrastoa erakustekoa” ere. Gaurko agerraldian parte hartu dute Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobek, Batzar Nagusietako lehendakari Ana Otaduik eta unibertsitateko irakasle zein legelari Gregorio Monrealek. 

Ekitaldian argitu dute Foru Barriak Bizkaiko foru erregimenaren “funtsezko oinarriak finkatu” zituela, eta, hain zuzen, lurraldeko lege multzo “garrantzitsuena” dela azpimarratu dute. Hori horrela, Etxanobek hura “goraipatzeko” arrazoi nagusi bi plazaratu ditu: “Alde batetik, bostehun urte ez direla hasperen hutsala, denbora tarte luze nahiz aipagarria baino; bestetik, Foru Barria aparteko esangura daukan testu juridiko izan dela eta dela gaur egun, Bizkaiko foru erakundeen moldaketan, bizkaitarren arteko elkarbizitzaren arautzean edota tokiko identitate politikoaren eratzean erabat garrantzitsua”. Ez hori bakarrik: aldundia Unescoren Gizateriaren Ondarearen Erregistroan sartzeko kudeaketa “aztertzen” ari da.

Otaduik foruak autogobernuagan duen pisua nabarmendu du. Autogobernu sistema “historikoa eta tradizionala” dela adierazita, bertako “nortasuna, ituna, botere mugaketa eta eskubide bermea” oinarri dituela argitu du, eta gehitu “esanahi berezia” duela, Bizkaiko Batzar Nagusien ikusmoldetik erreparatuta. Foru Barria, hain zuzen, Batzar Nagusiek onartu zuten, 1526. urtean, eta erakunde horren egungo funtzionamendua “haren ondorio” da, Bizkaiko herritarren ordezkaritzak Batzar Nagusietan “eztabaidatzen, hitzartzen eta onartzen” baititu lurraldearentzako arauak.
 

Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia.

 
Monreal adituak “sistema politiko propioaren muina bizkaitarrek Batzar Nagusiaren eta haren organo delegatuen, Erregimentuaren eta Diputazio Nagusiaren ordezkaritza-batzarraren bidez beren kabuz gobernatzeko zuten eskubidean zegoela” azaldu du, eta foruaren leloari ere keinu egin dio: “Foru Barrian jasotako printzipioen espiritu historikoa zein indarra modu oso argian jasotzen ditu Izan zirelako gara leloak; horrek gogorarazten ditu bai Foru Barriaren jarraipena, bai horrek Bizkaiaren nortasunean eta autogobernuan gaur egunera arte eduki duen eragina“.

Oroimen programazioa.
V. mendeurrena omentzeko, “askotariko programazioa” egingo dutela aurreratu dute: ekitaldi akademikoak, instituzionalak, kulkturalak edota hezkuntzari dagozkionak barnebilduko ditu. Helburua argi askoa izango da: Foru Barriaren esangura historikoa eta garaikidea herritarrei hurreratzea.

Datorren asterako, Iura Vasconiae Fundazioak 1512ko Bizkaiko Foru Barri edo Erreformatuaren onarpenaren 500. urteurrena izeneko ekimena antolatu du; Bilboko Batzar Nagusietako Hitzaldi Aretoan egingo dute. Datorren azaroan, berriz, Euskararen garrantzia Foruan jardunaldia egingo dute; hilabete horretan, halaber, Bizkaiko foru erakunde zibil eta publikoei buruzko jardunaldiak ere egingo dituztela iragarri dute.

Udazken horri begira, bestalde, kale ikuskizun antzeztu ibiltaria egingo dute, baita urte akabuko Gernika-Lumoko Osoko Bilkura Txikia ere, Ahaldun Nagusiaren eta Batzar Nagusietako lehendakariaren parte hartzea edukiko duena. Bestalde, EHUren udako ikastaroetan ere isla edukiko du gaur omendu duten langaiak: Foru Barriak Europako askatasunaren historian duen garrantziaren inguruan sakonduko dute, ekainean.