
Izan Establiek eta Jon Ander Villanuevak osaturiko Corriendo por una Causa bikoteak Bermeotik Oionerainoko GR38 ibilbidea korrika eta eten barik bete du, ataxia telangiectasia gaixotasunari aurre egiteko.

Kultura ondaretzat "oso gutxitan" jo den "eskuzkoa, fisikoa eta errepikakorra" zen itsas emakume langileen lana aldarrikatzeko erakusketa sortu dute Amaia Apraiz eta Asier Romero komisarioek: 'Olatuaren enbatean. Emakumeak eta itsasoa XX. mendean'. 2026ko irailaren 27ra arte egongo da ikusgai, Arrantzaleen Museoan.

IV. Ajuriako Pilota Goxua Txapelketaren lehen jardunaldia lehiatu dute, eta asteon finalaurrekoen txanda izango da. Lehen kanporaketan sailkatutako bikoteen artean daude, besteak beste, iazko garaile Azkarai eta Bidaburu.

Bermeoko Artza frontoia Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoen bigarren bueltako lehen saioaren eszenatoki izan zen, zapatuan. Aitor Bizkarrak irabazi zuen hor, 664 puntu lortuz, eta bera eta bigarren sailkatutako Aitor Etxebarriazarraga gernika-lumotarra finalean sartu dira. Hurrengo finalaurrekoa Markina-Xemeinen izango da, zapatuan [azaroak 22].

Euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko neurketa eta horren inguruan bizitakoa "historikotzat jo" dute antolatzaileek. Genozidioa salatzeko eta ofizialtasuna aldarrikatzeko eguna izan zen zapatukoa.

Busturialdea-Urdaibaiko eskualdeko bigarren foroa antolatu dute Gernika Gogoratuzek eta Gernikatik Mundurak azaroaren 24rako, eskualde "bizigarri bat" eraikitzea jarraitzeko. Sarrera librea izango da, baina aldez aurretik izena eman beharko dela jakinarazi dute.

Andrea Capellani nagusitasunez irabazi dio Zornotzan, 22-5eko markagailuagaz. Aurtengo buruz buruko txapelketan jokatu duen lehen partida izan da.