
Egurre Gazte Asanbladak antolatutako gazte egunean batu ziren zapatuan [irailak 20] Gernika-Lumon. Helburua "asanblada egonkortzea" dela eta, barikuetan 18:00etan gaztetxera hurbildu eta asanbladetan parte hartzeko deia zabaldu dute.

Eskaintza zabala eta askotarikoa nagusituko dira, bosgarrenez, MusikEan musika zikloan. Eguenatik domekara bitartean, hala, musika klasikoaren aldeko apustua egingo dute, Eako Eskolondon.

Autorik Gabeko Egunaren harira, Urretxindorra herri eskolako guraso elkarteak Muxika eta Gernika-Lumo batzeko aldarrikapena kalera ateratzeko deialdia egin zuen zapaturako, eta 80 lagunek baino gehiagok bat egin zuten bat ekimenagaz.

Lointek Gernika Bizkaiak Eurocup Women txapelketaren aurretiazko kanporaketaren itzuliko partidua jokatuko du bihar [irailak 24], PAS Gianninaren kontra. Asteburuan Euskal Kopa jokatuko du, IDK Euskotrenen eta Araskiren aurka.

Xabi Barandikak eta Imanol Lopezek 2-0 irabazi zieten atzo [irailak 22] Aritz Erkiaga eta Gorka Sorozabali. Irailaren 29an jokatuko dute Donostiako Lauko Finaleko finala.

Izaro Sub taldeko kideak kostaldetik zaborra ateratzeko bildu ziren zapatuan, Arriboletan, eta bost zaku hondakin bildu zituzten, gehienbat plastikozko botilak.

Laga Classic lagunarteko surf txapelketa egingo dute datorren zapatuan [irailak 27], Lagan, egun osoko egitarauagaz.

Herri kirol desafioa izan da Arratzuko Gorozika auzoko jaietako erakargarri handietako bat. Asteburuan zehar, denetariko jarduerez eta jai giroaz gozatzeko parada izan dute herritarrek.