Mahastiaren erritmora dantzan
Argazkia: Txebi Arriaga. Iragan barikuan [irailak 5], zapatuan [irailak 6] eta domekan [irailak 7], Morgako Talleri Berria txakolindegiak gastronomia, kultura eta natura uztartzea helburu duen Mahasti Artean ekimena hartu zuen. Mahasti Komedia, Mahasti Musika eta Mahasti Gourmet egitasmoak prestatu zituzten Bizkaiko Txakolina-k eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak, denetariko herritarrei zuzenduta.
Barikuan, Jon Plazaolak Tu-Tum Platz komedia ikuskizunaz gozatu zuten. Zapatuan, txakolin dastaketa eta zuzeneko musika izan ziren arratsalde eta gaualdiko protagonista nagusiak; lehenago, goizez, yoga saio egin zuten. Arrastian, jendetza bertaratu zen Talleri Berrira, Belako mungiarren eta Mikosis gernika-lumotarren kontzertuez gozatzera. Gainera, eskaintza gastronomikoa ere ez zen falta izan: alde batetik, hurreratu zirenek Bizkaiko lau txakolin mota dastatzeko aukera eduki zuten; bestetik, gazta eskaintza ere eduki zuten aukeran.

Argazkia: Txebi Arriaga.
Mikosis taldeko kideak izan ziren oholtzaratzen lehendabizikoak. Hirukote gernika-lumotarrak kaleratu dituen azken abestiak jendaurrean plazarateko aukera eduki zuen, batik bat, Ez Sentitzeko edota Isiltasunaren Lakua, baita Kontrolik Barik EPko kantuak ere. Jarraian, Belakok hartu zuen lekukoa. Mungia, Bilbo eta Andoaingo kideek osatutako laukoteak bere ibilbide luzearen laginak utzi zituen oholtzan, tartean, Sigo Regando 2023ko azken albumekoak. Domekan, jan-edana gailendu ziren: Urdaibaiko Esentziak-ek txoko gastronomikoa antolatu zuen, eta Txuck Turner musika jartzaileak aldartea musikaz girotu.

Argazkia: Txebi Arriaga.
Busturialdeak bigarren aldiz parte hartu du Mahasti Artean egitasmoan, bigarren aldian ere egin baitzuen. Estreinako aldia Bakion egin zuten, eta ondoren Mahasti Artean Txorierritik, Enkarterritik eta Gorbeialdetik igaro izan da, eskualdera itzuli orduko.