"Bikain" joan da Sukarrieta Kanala Arraun Klubaren eguna
Sukarrieta Kanala Arraun Klubak iragan zapatuan [irailak 6] arraun klubaren eguna ospatu zuen. Estropadak eta lagunarteko barbakoa egin zituzten.
Sukarrieta Kanala Arraun Klubak badu ospakizunerako motiborik. Iragan zapatuan [irailak 6] arraun klubaren eguna goi-goitik ospatu zuten Sukarrietan, arratsaldetik gauera bitarteko egitarauagaz. 15:15ean ipini zuten hitzordua elkartekideek, hoberen dakitena egiteko: arraunean egin. Lehenik eta behin, batelen estropada antolatu zuten, eguneko “bero itogarriari” aure eginez.
Bederatzi eskifaiak izena eman zuten, eta horietako bi “emakumez osatuak” izan zirela azaldu dute. Estropada “oso ondo” atera zela argitu du antolakuntzak, eta parte hartzaileek joan-etorriko lanak egin behar izan zituzten: “Antzina egiten zen bezalaxe, luze biko lana egin zuten, ziaboga bakarragaz”. Arraunlariak Usparitzako pantalanetik Txatxarramendi irlako zubi ingurura arteko arraun eremuan ibili ziren ekinean.
Ostean, iaz abiatu zuten estropadari jarraipena eman zioten: Txatxarramendi uharteari bira ematen dionari. Hiru eskifaiak parte hartu zuten lagunarteko proban. Bero sapak “uneren batean bertan behera uztea” planteatzera eroan zituen antolatzaileak, baina azkenean hiru lantalde “ausartek” aurre egin zioten probari, eta “bikain” atera zen.
Egun osoan zehar, herritarrek babesa erakutsi zioten arraun taldeari. Hainbat eta hainbat beraien ontzi nahiz txalupekin Txatxarramendi ingugura bertaratu ziren, “estropadez gozatzera eta animoak ematera”. Gauean, gainera, lagunarteko barbakoa herrikoia egin zuten, egitaraua biribilduz. Arraun klubaren egunaren balorazio positiboa egin du antolakuntzak, eta parte hartzaile guztiei eskerrak eman dizkie.