LABek jakinarazi du aurtengo zortzi hilabeteetan 40 pertsona hil direla lanean. Laneko heriotza hau salatzeko LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek mobilizazioa egingo dute Bermeon, martitzenean (irailak 10); 12:00etan Lameran jarri dute hitzordua.
Andra Mari jaiak ospatuko dituzte asteburuan Busturialdeko udalerri eta herritan. Gastronomia, kirola eta ohiturazko ekimenak dira nagusi herri eta auzoetako egitarauetan.
Bihar hasiko dira Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak, elkarlanean eraikitako egitarau zabalagaz. Hala ere, gaur [irailak 6] zabalduko dituzte txosnak. Galbana kendu eta jaietako zapia jantziko du Xixilik bihar, eta Naia Lasok botako du pregoia, herritarrek hala erabakita eta udal ordezkariak ondoan dituela. Aurten lehenengoz, bi orduz aurreratu dute pregoia: 20:00etan izango da.
Jaiak bihar hasi arren, gaur [irailak 6] zabalduko dituzte txosnak: 20:00etan botako dute txupinazoa. Bermeoko Txosna Batzordeak Txosna Txiki antolatu du, txikienei zuzendutako egitaraua.
Bermeoko Mugimendu Feministak erasoen aurkako protokoloa sortu du txosnagunerako. Gaur [irailak 6] egingo dute 2. formakuntza saioa. Udaletik Bermibus eta Puntu Morea mantendu dituzte biharko [irailak 7] eta irailaren 9, 13 eta 14rako.