Pantailetan emakumeen estereotipoak apurtzeko aldarria
Emakumeek pelikuletan edota serieetan betetzen dituzten "rol estereotipatuak" ikusarazi eta kritikatuko dituzte Muxikako Oxygastra Curtisii elkartekoek oholtza gainean, ‘Amatau pantailak’ ikuskizunean.
“Emakumezkoak dira Harry Potterren trama aurrera eroaten dutenak, baina gizonezkoak dira protagonista nagusiak. Umeen pelikuletan, motzak eta lodiak izaten dira gaizkileak, eta politak eta argalak, berriz, onak. Mendebaldeko filmetan, aldiz, ez dira emakumeak agertzen, eta ageri direnean prostitutak edota gizonezkoen zain eternitate bat igarotzen dutenak dira”. Kasu horiek guztiak antzeztuta erakutsiko dituzte Muxikako emakumeek osatzen duten Oxygastra Curtisii elkartekoek bihar, 20:00etan, Ariatzako elizan.
Emakumeek zinemetako pelikuletan edota serie desberdinetan betetzen dituzten rol estereotipatuak ikusarazi eta kritikatuko dituzte elkartekoek Amatau pantailak izeneko ikuskizunean. Urtero egiten dute zerbait berezia Martxoak 8 inguruan, eta aurten, laugarren antzezlana aurkeztuko dute: “Orain dela 10 urte hasi ginen gure taldeko andrak antzezlanak prestatzen eta gauzatzen, eta aurtengoa egingo dugun laugarrena da”.
Pantailetan emakumeak zelan eta zenbat ageri direnari buruz “gutxi” eztabaidatzen dela uste dute Oxygastra Curtisii taldekoek, eta horri buruz hausnartzeko deia kaleratuko dute: “Gutxi hausnartzen da horri buruz, eta gehiagotan egin beharko litzateke. Ikusten ditugun filmetan emakumeen rola zein den aztertu beharra dago”.
[IKUSI BUSTURIALDEKO EGITARAUA]
Hain zuzen ere, 80ko hamarkadako filmetan emakumeen presentzia hori neurtzeko erabili zuten Bechdel testa aipatuko dute ikuskizunean. “Ikerketa bateko testa izan zen, eta hiru galdera egiten zituen: galdetzen zuen aztertutako filmetan zenbat andre agertzen ziren, ea andra horiek euren arteko elkarrizketak zituzten, eta elkarrizketa horietan gizonak ez diren beste gairen bat aipatzen zuten. Asko eta asko izan ziren testa pasatu ez zuten ikus-entzunezkoak, eta oinarrizko kontuak baino ez dira horiek”, adierazi dute elkartekoek.
Hori ikusarazteaz gain, aldarrikatu gura dute emakumeek bestelako rolak bete ditzaketela, baina baita arazoaren muina ez dagoela ikus-entzunezkoetan ere, patriarkatuan baizik: “Ikus-entzunezkoetatik aparte, beste arlo guztietan ere gertatzen den gauza da”.
10 urteko ibilbidea. Adin guztietako emakumeek parte hartuko dute ikuskizunean, bost urtekoetatik hasi eta 82 urtera artekoetara arte. “Batzuek ez dute antzezlan honetan parte hartuko, baina taldean 90 urtera arteko emakumeak daude”, zehaztu dute antzezleek.
Duela 10 urte hasi ziren ahalduntzeari buruz eta beste hainbat aldarrikapen feministari buruz berba egiten Muxikako emakumeak, eta, onartu dutenez, “zaila” egiten zitzaien aldarrikapen horiek praktikan jartzea. “Konturatu ginen zaila egiten zitzaigula azaltzea zer den ahalduntzea, baina, agertokira ateratzearekin gauza asko landu genitzakeela ikusi genuen”, adierazi dute. Hala, euren burua balioan jartzen ikasi dutela diote, baita ahaldundu egin direla ere: “Gizarteak ez bagaitu balioan jartzen guk gure burua jarriko dugu. Gainera, agertokira ateratzearekin ahaldundu ere egin gara. Itzalean bizi ziren taldeko hainbat emakume, lan eta lan, eta antzeteari esker, euren buruari balioa eman diote. Uste genuena baino gauza gehiago egiteko gai garela ikasi dugu”.
2020ean jarri zioten izena elkarteari, baina “ibilian egindako” taldea dela eurena diote: “Asko pentsatu barik hasi ginen, baina elkarte modura antolatu behar izan ginen gauza askotarako, ez bakarrik diru laguntzetarako, baita hainbat ekimenetan parte hartzeko ere. Izena 2020an jarri genion, baina gure taldea ibilian egindakoa da. 2013an, ekitaldi txiki bat egin genuen, sekulakoa izan zen guretzat, eta hortik hasi ginen antzerkiak egiten”.
Gaur egun, Arimen Gaba ere antolatzen dute, eta, iaz lehen aldiz, Ajuriako sanjoanetan ekitaldi berezia egin zuten, aurten errepikatuko dutena. “Hasieran andren egunerako bakarrik elkartzen ginen, baina orain herriko bizimoduan eragin gura dugu. Guretzako diren egunetan bakarrik barik, beste egunetan ere protagonista izan gura dugu”, argitu dute.