Zaintza iraultzeko aldarria kalera
Mugimendu feministak zaintza lanen "iraultza" aldarrikatuko du Martxoak 8an, eta, Emakundek, bere aldetik, lidergo postuetan emakume gehiago behar direla dio.
Zaintza lanak “iraultzearen beharrean” eta erabakiak hartzeko lidergo postuetara heltzeko emakumeek dituzten oztopoetan jarriko dute arreta feministek zein Emakundek Emakumeen Nazioarteko Egunean.
“Denon bizitzak erdigunean” jartzeko aterako dira kalera feministak, eta Zaintza Sistema Publiko eta Komunitarioa lantzen hastea aldarrikatuko dute. Izan ere, “zaintza sistema eraldatzea” da feministen helburua, eta horretarako mobilizazio prozesu bati ekingo diote, lehen mugarria martxoaren 8an jarriz. “Denon bizitzak erdigunean, zaintzak irauliko ditugu dena aldatzeko”, adieraziko dute kalean.
Zaintza lanak “ezinbestekoak” dira bizitzeko, eta horiek ezin direla “ikusezin eta merkantilizatzen” jarraitu adierazi dute Denon Bizitzak Erdigunean ekimen feministako kideek. “Etxeetan, lantokietan eta harremanetan langile klaseko emakumeak izaten jarraitzen dugu zaintza sostengatzen dutenak. Denboraren eta baliabideen probezia pilatzen jarraitzen dugu. Lanaldi bikoitzekin zerbitzu publiko prekarioak ordezkatzen ditugu, eta, bidean, gure bizitzak immolatzen ditugu”, adierazi dute.
Horregatik guztiagatik, mugimendu feminista berriro aktibatu da: “Krisi hau ez da konpontzen azaleko soluzioekin. Badakigu orain edonork berba egiten duela zaintzaren garrantziaz, baina, guk ez dugu isilaraziko gaituen promesa faltsurik gura”.
Konponbidea “ez dela digitalizazio handiagorekin” izango diote, ezta “ikuspegi komunitarioaz era abstraktuan berba” egiteagaz ere: “Horiek zaintzen feminizazioa eta familiarizazioa erreproduzitzen dute”. Ondorioz, feministek proposamen eta neurri zehatzak gura dituzte. Hala, zaintzarako eskubide kolektibo baten alde egiten dute, pertsona guztiek bizitza osoan zehar zaintzak emateko eta jasotzeko duten eskubidearen alde, “askatasun, duintasun eta konpromiso baldintzetan”. Eta, hori, mendekotasun egoeretatik “askoz harago” doala uste dute: “Zenbat, zelan eta nor zaindu gura dugun erabakitzeko gaitasunaz ari gara; era berean, zaintzaren erantzukizunari pribilegiozko egoeretatik ihes ez egitea bermatzeaz ari gara”. Zaintza erantzukizun sozial bihurtu gura dute, eta ez negozio.
Hori dela eta, zaintza sektorean lan baldintzak “hobetzeko” borrokan ari direnekin “indarrak batu” gura dituzte, zerbitzu publikoen kalitatea defendatzen duten kolektiboekin, alegia. “Aliantzak bultzatu gura ditugu herri mugimenduekin eta dena aldatzeko zaintza sistema irauli nahi duten guztiekin”, adierazi dute.
Zaintza krisiak “aurpegi ugari” dituela esan eta horietako batzuk adineko prentsonentzako egoitzetako langileak edota etxeko langileak direla diote. “Horiei guztiei gehitu behar zaizkie lanaren prekarizazioa eta langabezia bizi dutenak, pentsio baxuak dituztenak, edota etxebizitzaren, gasolinaren eta oinarrizko beharren –ura, energia, elikagaiak– garestitzea. Horrek guztiak sakontzen du krisi soziala”.
Itaiak, bere aldetik, emakume langileak askatzeko “sozialismoa eraiki” behar dela aldarrikatu du. Diotenez, emakume langileen bizi baldintzak “txartzen” ari dira, eta zaintza eta garbiketako lan baldintzen okertzea izan daitezkeela horren adibide diote: “Emakume langileon egunerokotasunean orokortzen dira lan ezegonkorrak, ordaindu gabeko lanak, antolatzeko eta borrokatzeko oztopoak etabar”.
Horrez gain, egungo testuinguruak, “emakumeen gorputzaren bitartez etekin ekonomiko handiak izateaz gain, muturreko sexualizazioa indartzen” duela uste dute, “indarkeria normalizatuz”. Hala, Martxoak 8ko manifestazioen bitartez, emakume langileek bizi duten “zapalkuntza eta eraso guztiak” salatu gura dituzte, baita emakumeek “pairatzen duten zapalkuntzarekin amaitzeko bide bakarra sozialismoaren eraikuntza” dela aldarrikatu ere. Horretarako, antolakuntza politikora batzera deituko dituzte herritarrak.
Lidergo postuak
Emakundek, bere aldetik, lidergo postuetan emakume gehiago behar direla ikusarazi gura du, eta hiru foru aldundien, EUDELen eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hiru hiriburuetako udalen elkarlanagaz, Emakumeak gora! leloa duen kanpaina bultzatu dute. Uste dute gizarteak emakume gehiago behar dituela erabaki eta lidergo postuetan, eta, horretarako, emakumeek beren ahalmen guztia berdintasunean garatu ahal izateko baldintzak sortu behar direla.
Kanpainak mito faltsuak eraisten ditu, hala nola, emakumeak ez daudela hain prestatuta lidergo postu horiek betetzeko. Izan ere, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan goi-mailako ikasketak dituzten pertsona guztietatik, emakumeak ia %60 dira.
“Emakumeek gerentzia-postuen %6a baino ez izatea ez da prestakuntza edo lidergo faltagatik, erakundeetan pribilegio eta rol maskulinoak betikotzen direlako baizik”, diote. Jakinarazi dutenez, titulazio teknikoetako matrikulen %23 da emakumeena, eta hori aipatu dute ez dela bokazio faltagatik, “baizik eta, besteak beste, gure erabakiak mugatzen dituzten estereotipoetan oinarritutako hezkuntzaren emaitza”. Eta, nabarmendu dute zaintzeko eszedentzien %73a emakumeek hartzea, ez dela emakumeek bakarrik dakitelako zaintzen, “gizarteak rol hori ezartzen digulako eta honek gure garapen profesionala mugatzen duelako”.
Kanpainaren datuetan eta kontzeptuetan sakontzeko webgunea sortu dute: www.emakumeakgora.eus.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko hainbat eta hainbat udalerritan, gainera, Emakumeen Nazioarteko Egunagaz bat egiteko adierazpen instituzionalak irakurri dituzte.