Merkataritza sektorearen jardunbide egokiak sarituko ditu berriro Gernika-Lumoko Udalak
Izena eman gura dutenek abuztuaren 31ra arteko epea izango dute.
Merkataritza sena saritzen da Gernika-Lumon. Izan ere, udalak berriro sarituko ditu merkataritza sektorearen jardunbide egokiak, Nik Gernikan lehiaketaren hirugarren edizioarekin. Horren bidez, udalerriko merkataritza eta ostalaritza sareko profesionalek egiten duten lan bikaina aitortu gura dute, baita ematen dituzten produktuen kalitatea eta bezeroekiko duten tratu ona nabarmendu ere.
Sektore horrek 750 pertsona ingururi ematen die lana Gernika-Lumon, eta 400 establezimendu baino gehiago daude irekita. Hori dela eta, lehiaketa honen bidez, udalerriko establezimendu zaharren ibilbidea goraipatu nahi du udalak. Gainera, balioan jarri gura du, baita ere, merkatari eta ostalariek jendearen arreta hobetzeko egiten duten ahalegina, eta enpresa txikiek garai berrietara egokitzeko egiten duten lana.
Ildo horretan, Merkataritza eta Turismoaren udal garapen arloak merkatarientzako sariak hiru kategoriatan bereiziko ditu eta ostalaritzarena kategoria bakarrean. Hain zuzen ere, Merkatarotza Ibilbidea, Merkataritza Berritzailea eta Auzo Merkataritza dira merkatarien arloan sarituko dituztenak, eta Ostalaritza Jardunbide Ona, berriz, ostalarien arloan.
Zehaztu dute sariak 1.000 eurokoak izango direla atal bakoitzean, eta txikizkako merkataritza edo ostalaritza jarduera duten tokiko ETE guztiek har dezaketela parte. Merkataritza gisa honako jarduera hauek onartzen dira: ile-apaintzaileak, apaindegiak, garbitegiak, kopia dendak, argazki dendak, konponketak eta kiroldegiak.
Izena emateko epea abuztuaren 31ra arte luzatu dute, eta, hori, udaletxeko HAZ zerbitzuan egin beharko dute interesdunek. Parte hartu gura dutenek informazio gehiago lor dezakete Merkataritza Bulegora deituta: 94 625 79 40.
Gogoratu dute aurreko edizioan 50 establezimenduk hartu zutela parte, eta ondorengo hauek izan ziren sarituak: Adela Garteiz, Legoie Taberna, Crossfit Gernika eta Izaskun harategia. Zehaztu dute, ohi legez, epaimahaiaren erabakia aurkezpen berezi batean argituko dela. eta irabazleei sariak emango zaizkiela.