Adela Garteiz, Izaskun harategia, Cossfit Gernika eta Legoie taberna, lehen planora
Adela Garteiz dendak Nik Gernikan Sarien ibilbide komertzialaren saria jaso du, eta auzoko merkataritzari dagokiona, eraman du Izaskun harategiak. Ekimen berritzailearen saria Crossfit Gernikari eman diote, eta ostalaritzakoa, berriz, Legoie tabernarentzat izan da.
Gernika-Lumoko merkataritza eta ostalaritza sektorean eredu dira Adela Garteiz, Izaskun harategia, Crossfit Gernika eta Legoie taberna. Euren praktika onak azpimarratu, goraipatu eta saritu dituzte Nik Gernikan Sarien bigarren edizioan. Ibilbide komertzialaren saria jaso du Adela Garteiz dendak, eta auzoko merkataritzari dagokiona eraman du Izaskun harategiak. Ekimen berritzailearen saria Crossfit Gernikari eman diote, eta ostalaritzakoa, berriz, Legoie tabernarentzat izan da.
170 urte baino gehiagoko historia dauka Adela Garteizek. Dendari buruz berba egitea Gernika-Lumoko historiaz hitz egitea dela ondorioztatu du Nik Gernikan Sarien epaimahaikide taldeak, eta erakusmahaiaren atzean urte luzez lanean aritu diren belaunaldi guztiak saritzea erabaki du. “Merkatuaren egoera aldakorretara egokitzeko gai izan dira Adela Garteiz dendakoak, eta establezimendua zabaltzeko gaitasuna erakutsi dute. Ibilbide horretan lau belaunaldi txandakatu dira erakusmahaiaren atzean, negozioa urtez urte berrituz eta egokituz. Gaur egun, hainbat urteren ostean, Adela Garteizek herrian erreferente izaten jarraitzen du; bai denden artean, bai modan, baita enpresa batek denboran zehar egon diren aldaketa guztietara etengabe egokitzeko erakutsi duen gaitasunean ere”.
Juan Cruz eta Adela Jaio dendako arduradunek euren esker ona adierazi diete udalari eta Gernikako Merkatari Elkartuei. “Gure denda antzinakoa da, eta gure aurretik erakusmahaian egon diren amuma Adela Garteiz dut gogoan, baita aitite Marcelino Jaio, ama Margarita Bilbao eta aita Markel Jaio ere. Orain lanean ari garenez ere akordatzen naiz, Maria Paz Sanchezez, Aitor Aranaz eta arreba Adelaz. Benetan eskerrak sari honegatik. Denok gara sari honen parte”, adierazi du Juan Cruz Jaiok hunkituta.
Crossfit Gernikarentzat izan da ekimen berritzailearen saria, egungo eskarietara egokitzeko egindako esfortsuagatik eta berrikuntzarako erakutsi duten gaitasunagatik. Crossfit Gernikak lau pertsonari ematen die lana gaur gaurkoz, eta kirol zerbitzua eskaintzen dute herrian. Nik Gernikan Sarien epaimahaikideak euren “arreta pertsonala eta hurbila” azpimarratu ditu: “Kirolarien motibazioa sustatzea du helburu hainbat diziplina batzen dituen entrenamendu teknika honek. Negozio berri hau Gernikaren aldeko apustu sendo eta berritzailea da, batez ere bonbardaketaren urteurrenerako omenaldia diseinatu zutelako. Hainbat boxetako kirolariek entrenamendu bera egin zuten aldi berean, egun hartan bizi izandakoaren sinbolismoa zabaldu asmoz. Orain, tradizioa izango da”. Box-eko arduradunek sariagatik eskerrak eman eta urte askotan Gernikan egotea espero dutela adierazi dute: “Eskerrik asko sariagatik, eta espero dugu urte askotan herrian egon ahal izatea; izan ere, etxean bezala sentitzen gara bertan”.
Gernika-Lumoko erdigunetik kanpo dago Izaskun harategia, eta auzoko erreferentea bilakatu da. 20 urte baino gehiagoko ibilbidean zehar, negozioa martxan jartzeaz eta mantentzeaz gain, hori haztea eta hobetzea izan da Izaskun Urzaaren asmo nagusia. “Ondoko lokala erosi zuen, dendaren tamaina handitzeko eta produktu berriak saltzeko, aldez aurretik prestatutako janaria esaterako. Horri esker, betiko bezeroak mantentzeaz gain, berriak lortu zituen, gazteak tartean”, adierazi du. Lan, egokitzapen eta ahalegin handiko ibilbidea izan da harategiarena, eta horregaitik bihurtu da auzoko erreferentea. Jasotako saria eskertu du Urzaak, eta bezeroak izan ditu gogoan: “Eskerrik asko udalari eta Merkatari Elkartuen taldeari opari hau egiteagatik. Ezin ditugu ahaztu gure bezeroak, eurek barik ez ginatekeelako ailegatuko heldu garen lekura”.
Garagardoan espezializatuta dago Legoie taberna. Tabernako arduradunek garagardoa maite dute, garagardoagaz esperimentatzen dute, eta, duten pasio eta maitasun hori euren bezeroei transmititze diete. “Bere rol klasikotik ateratzeko gai izan da, eta garagardoa kontsumitzeko modu berriak ekarri ditu herrira. Katak, maridajeak eta ekintza berritzaileak antolatzen dituzte, edari horren ezagutza eta erabilera sustatzeko”, azaldu dute epaimahaikideek. Hori dena, gainera, lokala bera alde batera utzi barik egiten duela nabarmendu dute, taberna berezia baita, jabearen gustura jarritakoa. Izaera propioz betetako kale txikian dago, eta girorik ez da inoiz falta izaten.
Igor Mota tabernako arduradunak saria jasotzea pozgarria izan dela dio, eta saria ostalari guztiekin elkarnabanatu du: “Saria ez da bakarrik guretzako. Merkatari eta ostalariek asko sufritu dugu azken urteetan, eta lan egiten dugun guztiok gara sarituak. Egoera txarrei aurre egin diegu, eta aurrera ateratzea lortu dugu”.
53 hautagaitza. Herriko enpresek herriaren berrikuntzan, modernizazioan eta sendotze lanean eragin zuzena dute, bertoko ekonomian eta herrian bertan funtsezko elementuak izan direlako. Antzinakoak eta barriak diren establezimenduak aurki daitezke, zapore klasikoa edota berrikuntzaz betetakoa dutenak. Denek ala denek herriko paisaia komertziala berritu eta bizirik mantentzea dute helburu, eta denek ala denek “sekulako kalitatea” dutela azpimarratu dute antolatzaileek. Gainera, sarietan izena eman duten 53 hautagaiei euren esker ona adierazi diete. “Enpresa horien atzean jende ezaguna dago, gure auzotarrak izan daitezke, baita lagunak edota senideak ere. Baratze eta itsasoetako produktu ohikoenak saltzen dituzte batzuk, eta beste batzuk, berriz, azken produktuak, modernoenak. Baina pertsonez ari gara: txikienetik handienera, klasikoenetik berrienera, eta denel helburu bera dute: gure bizitza hobetzea”.