Nik Gernikan sarietara hautagaitzak aurkezteko epea zabaldu dute
Gernika-Lumoko Udalak hirugarren urtez saritu eta aitortu gura du udalerriko ostalari eta merkatarien lana. Hautagaitzak apirilaren 19ra arte aurkeztu daitezke.
Nik Gernikan lehiaketaren hirugarren edizioa martxan jarri dutela iragarri dute udal arduradunek. Hautagaitzak aurkezteko epea zabaldu berri dute; apirilaren 19ra arte aurkeztu daitezke udaletxeko HAZ zerbitzuan. Zehaztu dute parte hartu gura dutenek informazio gehiago lor dezaketela Merkataritza Bulegora deituta: 94-625 79 40.
Lehiaketaren helburua da herriko merkataritza eta ostalaritza sareko profesionalek egiten duten “lan bikaina aitortzea”, eta baita horiek ematen dituzten “produktuen kalitatea eta bezeroekiko duten tratu ona” nabarmentzea ere: “Era berean, lehiaketa honen bidez, udalerriko bizitzarik luzeeneko establezimenduen ibilbidea goraipatu nahi du udalak. Baloratu egiten da, halaber, bai jendearen arreta hobetzeko egiten duten ahalegina, bai enpresa txikiek garai berrietara egokitzeko praktika berritzaileak sartzeko egiten duten ahalegina. Merkataritza-bokazioa Gernika-Lumon ere saritzen da. Sektoreak 750 pertsona ingururi ematen die lana, eta 400 lokal baino gehiago ditu irekita”.
Udal Garapen Arloak (Merkataritza eta Turismoa) ostalaritza atal bakarrean eta merkatarien lana hiru kategoriatan bereizita sarituko du: Merkataritza Ibilbidearen eta Gernika/Urdaibai markak bultzatzearen saria eta Merkataritza berritzailearen edo Merkataritza Berriaren saria eta Auzo-merkataritzaren saria. Hau da, ibilbidea, berritasuna, eguneratzeko gaitasuna, Gernika/Urdaibai marka zabaltzeko egindako lana eta auzoko bizitzan izandako eragina aitortu eta sarituko dituzte, beste behin.
Sariak 1.000 eurokoak izango dira atal bakoitzean. “Txikizkako merkataritza edo ostalaritza jarduera duten tokiko ETE guztiek har dezakete parte. Merkataritza gisa honako jarduera hauek onartzen dira: ile-apaindegiak, apaindegiak, garbitegiak, kopia-dendak, argazki-dendak, konponketak eta gimnasioak”, azaldu dute.
2021ean 50 establezimendu izan ziren sarietarako hautagaiak, eta Adela Garteiz, Legoie Taberna, Crossfit Gernika eta Izaskun Harategia saritu zituen epaimahaiak.