Gonzalezen behin-behineko espetxealdia ofizial egin dute
Poloniako justiziak bidalitako gutunean jaso dute kazetariaren senideek maiatzaren 29ra arteko behin-behineko espetxe zigorraren baieztapen ofiziala.
Pablo Gonzalez kazetari elantxobetarrari ezarritako behin-behineko espetxe zigorra ofizial egin du Poloniako justiziak. Gonzalezen bikotekideak HITZAri baieztatu dionez, gaur eurei posta bidez–mezu ziurtatu labur batean–jakinarazi diote maiatzaren 29ra arte preso egon beharko dela, epaiketaren zain.
Gonzalez otsailaren 27tik 28ra bitarteko gauean atxilotu zuen Polonian; hain zuzen ere, Ukrainako muga inguruan jo zuten beragaz Poloniako Barne Segurtasun Agentziak. Martxoaren 3an haren abokatu Gonzalo Boyek esan zuen Espainiak Polonian duen kontsulatuaren bitartez jakin zutela kazetaria Poloniako Rzesow hirian behin-behineko espetxealdian zegoela. Abokatuak orain dela gutxi salatu du ez diotela utzi atxilotuagaz komunikatzen.
Kazetariaren bikotekideari helarazi dioten dokumentuan, halaber, bere bikotekidea eta aita aipatzeko Aleksei Rubtsov eta Pavel Rubtsob goitizenak baliatu dituzte poloniarrek, bere aitaren eta bere deiturak errusiarrak baitira.
Agirian azaldutakoaren arabera, Gonzalez “atzerriko inteligentzia ekintzetan murgilduta egoteagatik” atxilotu zuten, Przemyslen, Ukrainako mugatik hurre. Poloniako justiziak argitu du “Errusiaren aldeko operazioetan parte hartzearen susmopean” atxilotu zutela. Urtebete eta 10 urtera arteko espetxe zigorra ezarri ahal diote ustezko delitu horregatik.