Mendi korrikalarien txanda
Ibarruriko mendi lasterketa eta martxa izango da, beste urte batez, Urdaibai Kopako lehen zita, domekan. Lau probaz osatuta egongo da kopa, eta kategoria berri bi izango ditu.
Ibarrurik 2022ko Urdaibai Kopako lehendabiziko mendi lasterketa eta martxa hartuko ditu asteburu honetan. Mendiko lasterketen eta ibilaldien txapelketak lau data izango ditu aurten: Ibarruriko mendi lasterketa eta martxa, Gernika-Lumoko Mendi Jaia [maiatzaren 8an], Iluntzar-Nabarniz mendi lasterketa [uztailaren 25ean] eta Gautegiz-Arteagako mendi lasterketa [irailaren 11n].
Horrenbestez, Ibarrurin abiatuko da, domekan, aurtengo edizioa. Saltsamendi Kirol Elkarteko antolatzaileen arabera, “lasterketa gogorra eta ederra” izango da etzikoa; era berean, mendi martxa egitea aukeratzen dutenek ere “ibilbide politaz” gozatzeko parada izango dutela adierazi dute. Berrikuntza legez, Urdaibai Kopako antolakuntzakoek azaldu dute aurten kategoria berri bana izango direla mendi lasterketan: 23 urtez azpikoena eta beteranoena. Banaketa berri horregaz, parte-hartzea hauspotzea dute xede, eta korrikalariak Urdaibai Kopa osoa lehiatzera erakartzea.
Martxa luzea 08:30ean hasiko da, eta mendizaleek 20 kilometroko ibilbidea bete beharko dute. Lasterketakoek, ostera, 10:00etan izango dute irteera ordua, horiek ere 20 kilometroko ibilbidea betetzeko. Antolatzaileek 2022ko edizioa egokitu egin behar izan dute, COVID-19aren ondorioz. Egokitzapen horiek tarteko, aurten ez da martxa laburrik egongo. Halaber, gogoratu dute lasterketako eremu batzuk jabetza pribatukoak izango direla, eta, ondorioz, egun horretan baino ez dutela baimena esparru horietatik pasatzeko.
Saltsamendi K.E.koek aurreratu dutenez, aurten ez da egunean bertan izena emateko aukerarik egongo, pandemiak sortutako testuingurua tarteko; hori bai, momentuz 400 lagun inguru konfirmatuta daude.
Urdaibai Kopako lantaldeak, orain arteko probetan jasotako eskarmentuan oinarrituta, jomuga argia du: “Hainbat mendi martxatan ikusi izan dugu parte-hartzaileek korrika egiten zituztela, eta ez oinez; beraz, martxatik lasterketara jauzia egin gura dutenei erraztasunak ematea bilatzen dugu, ibilaldia oinez egingo dutenak errespetzen ditugun heinean”.
Hautagaiez itaunduta, Kepa Bastegieta, Ekaitz Lejarzegi edo Imanol Goñi dira kontuan izan beharreko lasterkarietako batzuk. Dena dela, aurreratu dute urtero-urtero kanpoko parte-hartzaile batzuk ere hurreratzen direla, “hortaz, bada tarterik sorpresetarako”.
Bestalde, bertaratzen diren guztiei “ahalik eta modurik arduratsuenean gozatzeko” eskatu die antolakuntzak; pilaketak ekiditea eta jendartean