Herriko kaleak beteko dituzte merkatariek
Laugarren urtez, Winter Marketek Gernika-Lumoko kaleak beteko ditu bihartik astelehenera bitartean, domekan salbu. Merkatariek euren eskaintzarik onenak plazaratuko dituzte, eta herritarrei neguko merkatura gerturatzeko deia egin diete.
Bihar eta astelehenean, 10:00etatik 20:00etara bitartean, Artekale, 8 de Enero, Andra Mari, Domingo Alegria plaza eta Domingo Bernaola kaleetan jarriko dituzte salmahaiak merkatariek, eta zapatuan, 10:00etatik 14:00etara bitartean. Kale horietako zein beste kale batzuetako merkatariek eskaintza bereziak kaleratuko dituzte.
Euria eginez gero, azoka Merkatu plazara lekualdatuko dela jakinarazi dute. «Hala ere, denda batzuek euren establezimenduetan jarriko dituzte deskontuak. Bandera txiki batzuekin egongo dira seinalatuta zeintzuk diren denda horiek», azaldu dute Gernika Merkatari Elkarteko arduradunek.
Umeentzako tailerra
Eskaintzez gain, umeentzako tailerra antolatu du Zure Aldek. Haurrek ondo pasatzen duten bitartean, gurasoek erosketak egiteko edo postuak ikusteko aukera izatea da euren asmoa. Hamabost minutuko saioetan eskulan errazak egingo dituzte. Hain zuzen ere, bihar 17:00etatik 19:00etara bitartean egongo da parte hartzeko aukera, eta zapatuan, 11:00etatik 13:00etara bitartean.
Tailerrean parte hartzeko, egunean bertan eman beharko da izena Zure Alderen bulegoan –Ocho de enero, 1 baxua, Gernika-Lumo–.
Azoka “arrakastatsua” izatea espero dute arduradunek, azokak herria giroz beteko duela uste baitute: “Horrelako eskaintzek giroz betetzen dute herria. Ume, gazte eta nagusientzako ekintzak prestatu ditugu. Aurreko urteetan herritarrei asko gustatu zitzaien azoka, eta arrakastatsua izan zen”.