Ezetz Jakin lehiaketa paperera bueltatu da, eta Gotzon Klemosek irabazi du lehenengo saria
Guztira 76 pertsonak parte hartu dute, eta horietatik 43k erantzun dituzte galdera guztiak zuzen. Zozketako sariduna Maite Urrutxua izan da.
Pandemia aurretik Ezetz Jakin lehiaketa egiten zuten hilabetero, baina koronabirusaren eraginez eta Egunean Behin aplikazioak eskaintzen zuen aukera aprobetxatuta, Ezetz Jakin lehiaketa digitala jarri zuten martxan. Otsailean, baina, paperera bueltatu dira, eta ohiko formatua berreskuratu du lehiaketak. Hori dela eta, urteko lehen irabazlea izan da Gotzon Klemos.
Guztira 76 pertsonak parte hartu dute, eta horietatik 43k erantzun dituzte galdera guztiak zuzen. Denak ondo erantzun dituztenen artean, Gotzon Klemosek eraman du 80 euroko bono saria. Parte hartzaile guztien artean egiten den zozketako sariduna, berriz, Maite Urrutxua izan da, eta 20 euroko bonoa jaso du.
Datorren astean jarriko dute martxan martxoko lehiaketa, eta Lilibertsoko taldekideek prestatutako galderei erantzun beharko diete parte hartzaileek.
Aurten, paperean ez ezik, online ere parte hartu daiteke. Beti bezala, Liburutegian, tabernetan, EPAn, AEKn, Udal Euskaltegian… aurkitu daiteke bete beharreko eskuorria. Behiin hori beteta, Kultur Etxean dagoen Berbalagunen buzoian sartu beharko da. Hala ere, online parte hartzeko aukera jarri du martxan Berbalagunek hurrengo helbidean https://praktikatu.eus/blog/gernika/
Euskararen erabilera bultzatu eta indartu gura du Gernika-Lumoko Berbalagunek. Hala, euskaldunak eta euskara ikasten ari direnak harremanetan jartzeko asmoz, euskara praktikatzeko hainbat aukera ematen ditu egitasmoak; besteren artean, berba egiteko taldeak, mendi irteerak, hitzaldiak edota jokoak egiten dituzte.