Ereño, bi gurpilen gainean jartzeko prest
Gerandape Kirol Klubak antolatuta, Ereñok beste urte batez Ereñoko Udala Sari Nagusia txirrindulari lasterketa hartuko du bihar.
Ereñok, beste urte batez, Ereñoko Udala Sari Nagusia izeneko errepideko txirrindulari lasterketa hartuko du etzi [martxoak 5], 15:30etik aurrera. Euskal Herriko 23 urtez azpikoen eta eliteen mailako ziklistarik onenak elkartuko dira, Euskaldun txapelketarako baliogarria izango den zitarako. Hain zuzen ere, lehiaketa horretako aurtengo bigarren lasterketa izango da Ereñokoa; lehenengoa joan den asteburuan lehiatu zuten Zumaian [Gipuzkoa]. Ereñokoa, baina, “oso bestelako” lasterketa izango da, Gerandape Kirol Klubeko antolatzaileek adierazitakoaren arabera: “Zumaiakoa lasterketa leun samarra izan zen, baina guk, hemengo geografia kontuan izanda, ezin dugu horrelako zerbait egin; beraz, lasterketa labur baina oso gogorra prestatu dugu”.
Biharko lasterketako ibilbidea, hain zuzen ere, 105 kilometrokoa izango da. Aldapa ugari igoko dituzte ziklistek, 1.800 metro positiboko desnibela bete beharko baitute. Nabarniz eta Natxitua izango dira mendate puntuagarri bakarrak; dena dela, antolatzaileen ahotan, “arnasa hartzeko aukerarik ematen ez duen ibilbidea da, oso gorabeheratsua eta teknikoa; neguan aurredenboraldi ona egin duten txirrindulariak nabarmenduko dira”.
Euskal Herriko zirkuituko taldeak eta inguruko autonomia erkidegoetakoak hurreratuko dira Ereñora. Azken urteetako dinamikek adierazten dute Lizarte, Caja Rural, Baqué edota Eiser direla aintzat izan beharreko etxerik esanguratsuenak; horrekin batera, Kantabriako Gomur-Cantabria Infinita nahiz Aragoiko Huesca La Magia taldeek ere parte hartuko dute. Busturialdeko hiru txirrindulari eta Lea-Artibaiko bakarra izango dira irteera lerroan: Eulen taldeko Xabier Aransolo gernikarra, Baqué etxeko Unai Zoilo mundakarra eta Eiser taldeko Asier Urionabarrenetxea bermeotarra, eta Baqué taldean dabilen Etxebarriako Beñat Onaindia. Iazko irabazlea egun Euskaltel-Euskadi taldean txirrindulari profesionala den Unai Iribar izan zen; orduan Laboral Kutxa taldearen koloreekin irabazi zuen Ereñon.