EH Bilduk udalari eskatu dio udal langileen kohesiorako ekintzak planifikatzea
EH Bilduk jakinarazi duenez, duela urte eta erdi Consultores de Gestion Publica enpresak Gernika-Lumoko Udaleko giza baliabideen analisi, diagnostiko eta hori ordenatzeko planerako txostenean udaleko langileen arteko giro "eskasa" aipatzen da.
Duela urte eta erdi Consultores de Gestion Publica enpresak Gernika-Lumoko Udaleko giza baliabideen analisi, diagnostiko eta hori ordenatzeko planerako txostena aurkeztu zuen udalean. EH Bilduk jakinarazi duenez, txostenean udaleko langileen arteko giro “eskasa” aipatzen da, eta emaitza horietan oinarrituta, koalizio abertzaleak udalari eskatu dio udal langileen kohesiorako ekintzak planifikatzea.
Azterketa 2020ko azaroan entregatu zen, eta lan giro eskasa antzeman zuten tokiko udaletxean. Azterlanak ondorioztatu zuen, “kohesio eta barne batasun falta dagoela udaletxean”, eta horrek “ondoeza, eraginkortasun galera eta askotan, talde lana garatzeko zailtasun handiak” eragiten dituela. Hori horrela, EH Bilduk udal gobernu taldearen “interes falta” salatu zuen: “Ia urte eta erdi honetan udalak ez du inolako pausorik eman zentzu horretan, ez dira beharrezko bilerak deitu eta deituta egon diren negoziazio mahaiak bertan behera utzi dira, inolako azalpenik barik”.
Hain zuzen ere, azterlanak dio, gatazka jakin batzuk ez konpontzearen ondorioa dela “lan giro hotza”. Hala dio txostenak: “Horrek eragin zuzena du egin beharreko lanean, eta ez hainbeste bakoitzaren erantzukizun propioaren ondorioz egiten den lanean, baizik eta erakundea hazteko, aldatzeko eta hobetzeko aukeretan”. Egoera horren aurrean, “egiturazko aldaketak ezartzeko aukerak” sortu beharko lituzketela dio ikerketak, lan taldea kohesionatuko duten jardueren plangintza eta exekuzioa eskatuz.
EH Bilduk proposatutako neurriak. Ondorio horretan oinarrituta, EH Bilduk dio “ezinbestekoa” dela “berandu baino lehen” neurriak hartzea, bai herritarrei ematen zaien zerbitzua hobetzeko, bai langileen ongizate emozionalerako: “Hau da, gatazkak ekidin eta lan giro egoki bat bermatzeko”.
Hain zuzen ere, Gernika-Lumoko EH Bilduk proposatu du langileen kohesiorako ekintzen planifikazio eta exekuzioa aurrera eramatea, “horretarako beharrezkoak diren kontratazioak eginda”. Halaber, plangintza bat zehazteko eta aurrera eramateko beharrezko diru kopuru bat aurreikusi eta 2022ko aurrekontuetan jasotzeko eskaera egin du; baita aipatutako puntu horiek maiatza baino lehen egitea ere.
Euzko Abertzaleak eta EAJk osatutako udaleko gobernu taldeak, baina, atzera bota zuen EH Biduk azken osoko bilkuran aurkeztutako mozioa. Izan ere, mozio horretan, langileen udal arloaren kohesioa indartzen lagunduko dituen ekintzak lehenbailehen abian jartzea eskatzen zen.
“Atsekabe eta harridura handiz jaso genuen udal gobernuaren ezetza. Edozein erakundetan hobetzeko irizpideak jasotzen direnean lehentasuna hauek konpontzeko tresnak jartze dela uste dugu, hori baita herriko ordezkarion betebeharra eta ardura, baina udal gobernuak uko egin dio aukera honi”, adierazi du EH Bilduk. Gainera, atsekabea adoerazi dute oposiziotik gaia lantzeko prestutasuna adierazi dutelako eta udalak bizkarra eman dietela sentitzen dutelako. “Uste dugu gai serioa dela esku artean daukaguna, eta espero dugu udal gobernuak gogoeta egin eta osoko bilkuran agertu zuen jarreraren norabidea aldatzea, eta zerbitzuaren eta langileen egoera hobetzeko aukera hau aprobetxatzea. Langileek eskertu dute, baita herritarrek ere”.