"Herriari eskaintza kulturala eskaintzeaz gain, sortzaileei ere aterpea eman gura diegu"
Bizitzari eta kulturari eusteko egitaraua prestatu dute Astrakoek: 'Eutsi ederrenari'. Elkarturik eta baikortasunez "itxaropena kutsatu" gura dute.
Egungo errealitatearen aurrean Astrak erantzun egin behar zuela ikusi zuten Astrako kideek, eta herriarekiko eta gizartearekiko egitarau zabala prestatu dute hiru astetan. Lan gogorra baina “polita” izan dela dio Unai Olaeta Astrako kideetako batek.
Zelan joan dira egitaraua prestatzeko lanak?
Bizi dugun egoera honen aurrean ikusten genuen Astrak erantzun bat eman behar zuela. Gizartearekiko eta herriarekiko alde egin behar zuela. Egitaraua baten beharra ere ikusi genuen, herriari eta gizarteari programazio kulturala eskaintzearen beharrizana. Duela hiru aste biltzen hasi eta diskurtsoa prestatzen hasi ginen. Hiru asteko prozesu bat izan da, gogorra baina polita. Halaber, beharrezkoa zen Astrarentzako finantziazio plana egitea, izan ere, gaur egun, Astrako finantziazioa ia geldituta dago. Laster beste bi kanpaina jarriko ditugu martxan.
Gora behera askoko prozesua izan da ezta? Neurri berriek moldaketak egitera behartu zaituzte.
Diskurtsoa lortzerakoan, diseinua pentsatzerakoan edota egitaraua lotzerakoan ez dugu arazorik izan. Denok eduki dugu argi zer eskaini eta transmititu gura genuen. Gorabeherak batez ere instituzioetatik jasotzen genituen informazioagaz izan dugu. Egun batetik bestera dena aldatzen da. Ezjakintasun asko dago eta horrek asko zaildu digu egitaraua lotzeko orduan. Hala ere, egunero sortzen ziren oztopoei aurre egin diegu.
Eszena guztiei lekue egin diezue. Azterkia, musika, liburu aurkezpenak, zinema… diziplina guztiak jaso dituzue.
Diziplina kultural anitzeko egitaraua izan behar zela argi geneukan. Saiatu gara diziplina guztiak lantzen. Musikariak egongo dira, bakarlariak zein taldeak. Astra Zinema Paradisogaz elkarlanean filmak proiektatuko dira, eta antzezlanak ere ikus daitezke: Jonan Tribisek bere lan berria aurkeztuko du. Dantza ere izango dugu eta literaturari ere lekua egin diogu: liburu aurkezpenak egongo dira. Herriari eskaintza kulturala emateaz gain, sortzaileei lekua eta aterpea eman gura diegu, euren lanagaz aurrera jarraitzeko. Izan ere, eurak ere egoera prekarioan daude. Programazioa lantzen duten gero eta areto gutxiago daude. Perfil ezberdinak erakartzea ere bazen egitarau zabalagaz lortu gura genuena.
Elkarlana, zutabe.
Urte guztian zehar herria bizirik egon da, mugimenduan egon da. Berakatz Zopatik, Zaintza Saretik lan handia egin dute. Iparragirrek ere programazio kulturala eskaini du, eta ezin dugu ahaztu Trinketek egindako lana. Aipamen berezia merezi dute, dagoenerako aktibo egon ez arren, Gernikan erreferente bat izan direlako, baita herritik kanpo ere.
Sarrerak salgai daude?
17:00etatik 20:00etara Astra zabalik dago, eta bertan erosi behar dira sarrerak. Astero-astero datozen egunetako ekintzen sarrerak kaleratzen joang gara.
Sortzaileei aterpea da Astra. Herriarentzako ere garrantzitsua da horrelako ekimenak aurrera eramatea.
Guk antolatzen eta ekimenak egiten jarraituko dugu. Lanera joaten segurua bada, kultur ekimen edo bilera batera joatea ere segurua da. Espazio autogestionatuak egitarauak lantzen eta programatzen jarraitu behar dute. Ezin dugu programazioa instituzioen esku utzi. Hala, guk gure barne antolamentuagaz jarraituko dugu Astra bizirik mantentzen, eta eskaintza kulturala ematen herritarrei, betiere segurtasun neurri guztiak mantenduz.