Astra, "ederrenari eusteko"
Bizitzari eta kulturari eusteko egitaraua prestatu dute Astrakoek: 'Eutsi ederrenari'. Elkartasun eta autogestio sareak eraikitzeko apustua babesten jarraituko dute horrela: "Elkartu gaitezen sortzaileak, militanteak, zaintzaileak, osasun arloko langileak...".
Bizitzeko, elkartzeko, kulturaz gozatzeko, sortzeko, borrokatzeko, elkartzeko eta amets egiteko. Bizitzari eta kulturari eusteko egitarau zabala prestatu dute Astrakoek: Eutsi ederrenari. Elkarturik eta baikortasunez “itxaropena kutsatu” gura dute.
Astra martxan dago eta egongo da. Bertan batzen eta antolatzen den komunitateak “garaiotara egokitutako” egitaraua prestatu du. Izan ere, litezkeen gauzarik ederrenak ezinezkoak dira saiatu eta lortzen diren arte. Hala esan dute arduradunek: “Guri dagokigunez, antolatzen eta ekimenak aurrera eramaten jarraituko dugu. Lanera joatea segurua bada, kultur ekimen batera edo bilera batera joatea ere bai, segurtasun neurriak hartuz”.
Ahal delako lanean jarraitzen dute. “Beti ahal da, beti dago egiteko modu bat”. Arrakalen artetik bidea egingo dute Astrakoek, “ederrenari eusteko”. Hala, mezu bat bidali diete politikari profesional eta erakunde publikoei: “Ez gastatu dirurik behar ez ditugun porlanezko obra eta apaingarrietan. Lehentasuna eman beharrezkoenari: pertsonentzat beharrezkoak diren premiei”.
Mezu hau kaleratzerakoan “zalantzak” izan dituzte, “egoera honetan arduratsua izatea zer den adosteko”. Baina diotenez, ardura ez da bakarrik segurtasuna bermatzea edota pertsonen arteko distantziak neurtzea: “Segurtasuna bermatu behar dugu, bai, baina ardura bizitza duinari eustea ere bada”.
15 urte bidea egiten. Abenduaren 24an 15 urte beteko dira Astra okupatu zutenetik, eta 15 urte geroago zutunik eta bizirik dago. “Astra hemen dago, hondeamakinetatik eta politikari profesionalen erabakietatik salbu”. Gauza asko aldatu daitezkeela 15 urtetan esanda, iragana eta oraina herriak eraiki duela ozen esan dute: “Herriak bakarrik salba dezake herria, mugimenduan dagoen herriak bakarrik sortu ditzake bere burua babesteko bideak”.
Hori dela eta, “gaur egungo garai zailetan”, elkartasun eta autogestio sareak eraikitzeko apustua babesten jarraituko dute: “Elkartu gaitezen sortzaileak, militanteak, zaintzaileak, osasun arloko langileak…”. Eta bide horretan azken hilebeteeetan egindako lana gogoratu dute, eta kilometroak egin dituzten pertsona eta eragileak eskertu dituzte: Gernika-Lumoko Zaintza Sarea; eskualdeko osasungintzako, adineko egoitzetako, hezkuntzako langileak; modu batera edo bestera ondokoak zaintzeko lanean ibili diren pertsonak; pandemiaren aurrean kulturaz gozatzeko martxan jarritako Berakatz Zopa ekimena; Astra iluntzeak; Iparragirre Rock Elkartea; eta orain ere egunero lanean jarraitzen duen jendea. Aipamen “berezia” egin diete, baita ere, 20 urtez Gernika-Lumoko kulturgintza elikatu duen Trinkete Antitxokoari ere: “Gora zuek!”.
Ingurukoak ere gogoan izan dituzte: “Ezin ditugu ahaztu lanetik kaleratutako lagunak, lana galtzeko beldurrez gaudenak, etxetik kaleratutakoak, paperik gabekoak, etxe gabekoak, alokairua edo hipoteka ordaintzeko zailtasunak dituztenak. Eutsi ederrenari”.
Egitaraua:
Gaur. 19:00etan, Astra Zinema Paradison And then we danced filma proiektatuko dute.
Etzi. 19:00etan, barikutxu musikatuetan, Sara Zozaya egongo da.
Azaroak 20. 19:00etan, barikutxu musikatuetan, Amorante.
Azaroak 21. 11:00etan, umeentzako tailerra.
Azaroak 21. 19:00etan, Lucas Delgado, Juan Pastor eta Rita Payes: “La punta de L’iceberg”.
Azaroak 24. 18:30ean, Ahoztar Zelaietak liburu berria aurkeztuko du Arrano Kultur Elkartean: Zaldibar zona cero.
Azaroak 25. 19:00etan, Astra Zinema Paradison Pajaros de verano ikus-entzunezkoa proiektatuko dute.
Azaroak 27. 19:00etan, barikutxu musikatuetan, Iker Lauroba.
Abenduak 4. 19:00etan, Tribiz, baserri galdue antzezlana.
Abenduak 9. 19:00etan, Astra Zinema Paradison The wicker man filma proiektatuko dute.
Abenduak 11. 19:00etan, barikutxu musikatuak.
Abenduak 16. 19:00etan, Uxue Alberdik Dendaostekoak liburua aurkeztuko du.
Abenduak 17. 19:00etan, Gernikatik Mundura dokumentalaren emanaldia.
Abenduak 18. 19:00etan, barikutxu musikatuak.
Abenduak 18. 20:00etan, Ahotsak ikuskizuna Ziomara Hormaetxegaz.
Abenduak 23. 19:00etan, Astra Zinema Paradison O que arde filma proiektatuko dute.
Abenduak 24. Okupazioaren 15. urteurrena.
Urtarrilak 2. Kafea eta gailetak.
Urtarrilak 8. Afari bako bertso afaria Lilibertsokoakaz.
Urtarrilak 23. Habi eta Etxekalte taldeen kontzertuak.